Pentsu, barazki eta fruta bilketa hasi dute Irunen, Berara bidaltzeko
Berako Udalak egindako laguntza eskaerak sekulako erantzuna izan du Irunen. Gaur, bihar eta etzi pentsu, barazki eta fruta bilketa egingo dute Irunen.
Asteburuko suteak eragindako kalteei aurre egiteko Irunen sortu berri duten boluntario taldeak elikagai bilketa bat abiatu du azken egunetan, Berako (Nafarroa) Udalak jaso dezan. Izan ere, bertako udalak deialdi bat zabaldu berri du herritik harago, laguntza eske. «Pasa den asteburuko suteak direla eta mendia kaltetua izan da. Aziendak bazka behar du eta udaletik horren bilketa egiten ari gara. Pentsua, belarra eta fruta da behar dena», esan dute udaleko iturriek.
Azken egunetan Irungo Bidasoa auzoko baserritarrei laguntzeko bilketa bat egiteko asmoa zuen boluntario taldeak, baina bertako baserritar eta adituek azaldu dute ez dela laguntzarik behar. Animaliak egoera onean daude haien arabera, eta bereziki Berako baserritarrak dira laguntza gehien behar dutenak. Horregatik, Berako Udalari bidaltzeko bilketa egiten ari dira Irungo Elkarrekin Podemos taldeko egoitzan (Izaga Kalea, 9) eta Zubiaurre kaleko lokal batean (2. zenbakian, ile apaindegi batean). Bertan, pentsua, barazkiak eta frutak bilduko dituzte egun hauetan eta Berako Udalak abeltzainei zuzenean banatuko die gero. Elkarrekin Podemosen egoitzan gaur, bihar eta etzi bertaratu daitezke herritarrak, 9:00etatik 13:00etara.