«Hezkuntzak bizi duen egoera larria eta administrazioaren utzikeria» salatu dute hamarka lagunek
Egunotan Haurreskolak Partzuergoko langileen grebarekin bat egin zuten atzo hamarka irundarrek. Guraso, irakasle eta ikasle ugari bildu ziren San Juan plazan.
Egunotan Haurreskolak Partzuergoko langileek abiatu duten grebarekin bat egin zuten atzo hamarka lagunek Irunen. Guraso, irakasle eta ikasle ugari bildu ziren arratsean San Juan plazan, «hezkuntzak bizi duen egoera larria eta administrazioaren utzikeria» salatzen jarraitzeko, besteak beste. Aldarrikapenerako borobil erraldoia osatu zuten bertaratutakoek, eta soinean zeramatzaten puzgarriekin kolorea eman zioten plazari.
«Bizi ditugun garai zail hauetan Hezkuntza Plazara ekimenaren helburuetako bat Irungo hezkuntza komunitatea babestea eta saretzea da. Horrela, eskola batek edo sektore batek izan ditzakeen aldarrikapenak denonak egin eta denon artean defendatzen saiatuko gara. Elkartasuna eta elkarlana. Balore horiekin indartsuagoak izango gara», erantsi zuten Hezkuntza Plazara dinamikako kideek atzo.