Trenbide eremua berritzeko lanak 2022an hastea aurreikusi dute
Irungo trenbide ingurua berritzeko lanean ari diren administrazioak bildu dira gaur, proiektuaren gainean egindako aurrerakuntzak aurkezteko. ADIFen arabera, aurreikusitako kronograma betetzen ari dira.
Gaur (hilak 23) Irungo trenbide ingurua berritzeko lanean ari diren administrazioak bildu dira, Via Irun proiektuaren gainean egindako aurrerakuntzak aurkezteko. Gipuzkoako Foru Aldundia, Euskal Trenbide Sarea eta ADIFeko ordezkariak bildu dira udalekoekin, bilera telematiko batean.
Lehenik, karguak berritu dituzte administrazioetako ordezkariek eta ondoren, Via Irun proiektuko arduradun Naiara Zabalak udalaren lan ildoak aurkeztu ditu. Horrez gain, proiektuaren arduradun izango den Zaisa enpresa publikoaren eransketaz aritu dira.
ADIFeko ordezkariak bestalde, etorkizuneko Irungo geltokiaren proiektua aurkeztu du, eta azaldu duenez, aurreikusitako kronograma betetzen ari dira. «Aurreikusitako erritmoa mantentzen bada, urte amaiera eta 2022 urte hasiera bitartean lizitatu daiteke proiektuaren exekuzioa, obrak 2022ko lehen hiruhilekoan hasi ahal izateko», esan du Javier Dahl ordezkariak.
Dahlek aurkeztutako proiektu honetan, bidaiarien eraikinaz gain, Geltoki kaleko inguruaren ordenazioa, ondoko parkinga, etorkizuneko autobus geltokia, taxi geltokia eta pasarelaren konexioa berrantolatzea ere jaso dute.
Irungo alkate Jose Antonio Santano pozik agertu da gaurko bilkurarekin. «Gaur finkatu ditugu ofizialki hamarkadaz lanean ibili garen proiektu honen oinarriak. Gaur Irungo etorkizunari data jartzen hasi gara», esan du.