[Bideoa] Haurreskolak Partzuergoko langileen greba babestu du Hezkuntza Plazara dinamikak
Hiriko ikastetxeetako guraso, ikasle, irakasle eta bestelako langileek babes bideo bat osatu dute. «Hezkuntzak bizi duen egoera larria eta administrazioaren utzikeria» salatuko dute gaur, San Juan plazan.
Haurreskolak Partzuergoko langileek atzo, gaur eta biharko deitutako grebarekin bat egin du Irungo Hezkuntza Plazara dinamikak. Haiekin elkartasunez, babes kanpaina bat egin dute hiriko ikastetxe ezberdinetan, eta hala, bideo bat osatu dute hamarka irakasle, guraso, ikasle, jangelako langile, atezain, garbitzaile eta autobusetako begiralek.
«Bizi ditugun garai zail hauetan Hezkuntza Plazara ekimenaren helburuetako bat irungo hezkuntza komunitatea babestea eta saretzea da. Horrela, eskola batek edo sektore batek izan ditzakeen aldarrikapenak denonak egin eta denon artean defendatzen saiatuko gara. Elkartasuna eta elkarlana. Balore horiekin indartsuagoak izango gara», diote Hezkuntza Plazara dinamikako kideek. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko autua egin dutela diote, eta elkartasun keinuak Iraun haur eskolatik hasi eta Dunboa, Leka Enea, Belaskoenea, Elatzeta, Toki Alai, Txingudi edo Eguzkitza bezalako ikastetxeetara zabaldu dutela elkartasun kanpaina.
Bide batez, «hezkuntzak bizi duen egoera larria eta administrazioaren utzikeria» salatzen jarraitzeko asmoa du dinamikak. «Komunitate inplikatua gara eta herritarrokin batera kalitatezkoa eta segurua den hezkuntza nahi dugu», erantsi dute. Horregatik, gaurko (hilak 23) deialdi bat egin dute. 17:15ean Partxis jolastokian biltzeko deia egin diete Irungo gurasoei eta 17:30ean karabana koloretsu batean San Juan plazaraino abiatuko dira. 18:00etan aldiz, elkarretaratzea egingo dute, udaletxe parean.