Suteak eragindako kalteei auzolanean erantzungo diete irundarrek
Animaliak sendatu, aurkitu eta haiei jaten emateko talde boluntario bat osatu dute Irunen. Gaur eta bihar El Pilar ikastetxean bilduko dira.
Asteburuko suteak kalte ugari eragin ditu Aiako Harria parke naturalean. Egunotan irudi ugari zabaldu dituzte herritarrek sare sozialetan, naturaz gain, animaliek ere pairatutako kalteekin. Bada, atzo bertan sare sozialak baliatuz talde bat osatu zuten herritarrek, auzolanean sutearen kalteei aurre egiteko. «Boluntarioak behar ditugu mendira igo eta animaliei jaten emateko, sendatzeko eta aurkitzeko», esan dute taldeko kideek.
Sagarrak, azenarioak, ogia, belarra, alpapa, Betadine, serum fisiologikoa, Vaselix krema, Furacin medikamentua… Elikagai eta medikamentuak behar dituzte, eta horiek jasotzeko, bilketa bat abiatuko dute Irungo El Pilar ikastetxean. Gaur (hilak 22) 16:00etan hitzordua jarri dute, eta bihar (hilak 23) 10:00etan eta 16:00etan bertaratu ahal izango dira irundarrak. Bilketa egiteaz gain, auzolanean arituko direnak antolatzeko ere baliatuko dute gune hori.
Taldeko kideek aurreratu dutenez, osasun neurriak errespetatuko dira ekintza guztietan; lau laguneko taldetan banatuko dituzte boluntarioak.
Harremenetan egoteko Whatsapp talde bat osatu dute herritarrek. Dagoeneko 250 lagun baino gehiago batu dira auzolanera.