Suhiltzaileek itzalitzat eman dute larunbatean piztutako sutea
Gaueko euriak eta haize aldaketak suhiltzaileen lana erraztu dute. Larunbatetik Irunen 300 hektarea baino gehiago erre ditu.
Larrialdi zerbitzuek amaitutzat eman dute larunbatean piztutako sutea, gaur gaueko euriak eta haize aldaketak itzaltzen lagundu duela jakinarazi baitu Irungo Udalak. Larunbat eguerditik (orduan hasi zen sutea Beran) Nafarroa, Gipuzkoa eta Lapurdiren arteko mugan 2.000 hektarea baino gehiago erre dira; Irunen, Aiako Harria Natur Parkean, 300dik gora dira erretako hektareak. «Asteburu gogor bat izan da, baina zorionez albiste onak iristen ari dira. Euriak baso sutea itzaltzen lagunduko du azken bi fokuak kontrolatzen ari diren bitartean. Mila esker larrialdietako zerbitzuei eta instituzioen arteko elkarlanari. Gure elkartasuna bizilagunei!», esan dute udaleko iturriek.
Irungo Bidasoa auzoa izan da eskualdeko eremurik kaltetuena, N-121-A errepidetik eta Bidasoa ibaitik oso hurbil ibili da sua. Aldundiak asteburuan emandako datuen arabera, Irungo sutearen foku nagusia Endarlatsa-Erlaitz artean kokatu da, Meaka auzoko lurretan, Endara harroaren inguruetan. Hamarka baserri desalojatu behar izan dituzte azken bi egunetan, eta horietako bizilagun askori ostatu eman die udalak (hiriko hotel batean birkokatu dituzte).
Jose Antonio Santano alkateak gaur goizean irratiari eskainitako elkarrizketa batean honakoa esan du: «Sutea itzalita dago jada. Familia guztiak euren etxeetara itzuli dira jada. Zorionez larriena ekiditea lortu dugu. Orain kalteen gaineko analisi bat egiteko ordua da, eta ikusteko nola eman diezaiokegun bira egoera honi».