Hondarribiak «komunitatearen ongizaterako eskaini dezakeena» ezagutu nahi du Prebentzio Komunitarioak
Osasundu Hondarribia proiektua garatzeko helburuarekin, hondarribiarren iritzia biltzeko inkesta ahalbidetu du departamentuak Interneten.
Hondarribiko Udaleko Prebentzio Komunitarioa zerbitzuak Osasundu Hondarribia proiektua abiatu duela jakinarazi du. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) soziologiako ikasle batekin batera ekin dio proiektuari, eta azaldu duenez, «Hondarribiak bere osotasunean komunitatearen ongizaterako eskaini dezakeena» ezagutzea da helburua.
Osasuna zaintzeko baliabideak identifikatu nahi ditu Prebentzio Komunitarioak. «Baliabideez ari garenean, guri, pertsonen arteko harremanak, elkarte ezberdinen eskaintzak, herriko espazio fisiko desberdinek ematen dituzten aukerak, eta beste gauza asko etortzen zaizkigu burura», azaldu dute.
Hori horrela, hondarribiarren «iritziak denon eskura egongo den mapa batean islatzea da», ondoren, «komunitatearentzat erabilgarria izango den tresna» sortzeko.