Adituen oniritzia jaso arte ekintzarik ez egiteko eskatu du boluntario taldeak
Asteburuko suteak eragindako kalteei aurre egiteko herritar talde batek sortutako boluntario taldeak bertan behera utzi ditu mendira igotzeko eta bilketa egiteko deialdiak. Erakundeek boluntariotza lana eskatu arte itxaroteko eskatu diete herritarrei.
Asteburuko suteak eragindako kalteei aurre egiteko herritar talde batek abiatutako boluntariotza lana bertan behera uztea erabaki dute antolatzaileek, momentuz. Ikaragarria izan da herritar talde honek egunean zehar jaso duen erantzuna (Whatsapp taldea lepo ibili da egun osoan zehar, 250dik gora lagun aritu dira bertan laguntza eskainiz, eta uneoro kide berriak sartzen ibili dira), baina taldeko kideak kezkati dira ez ote duten kalterik eragingo bertaratutakoek. Izan ere, eskatutako elikagaiak animalientzat desegokiak izan daitezkeela uste dute bertan ari diren zenbait baserritarrek, eta adituen gomendioei kasu egitea erabaki dute. Beraz, erakunde ofizialetatik boluntariotza lana eskatu arte, herritarrei dei egin diete euren kabuz ekintzarik ez egiteko.
Boluntario talde honek hartutako erabakien berri emango du HITZAk, jakin bezain laster.