Irudi berriarekin jantzi dute azoka
Irudi berria du azokak gaurtik. Agerraldia egin dute aurkezteko gaur San Pedro kaleko azokan Juan Luis Silanes Ingurumen zinegotziak, eta azokan parte hartzen duten ekoizle eta baserritarrek.
Irudi berria du azokak gaurtik. Agerraldia egin dute aurkezteko gaur San Pedro kaleko azokan Juan Luis Silanes Ingurumen zinegotziak, eta azokan parte hartzen duten ekoizle eta baserritarrek. Sustapen ekonomikoaren barruan, gobernu taldearen proposamena izan dela lehenengo sektoreari beste bultzada bat ematea azaldu du Silanesek, “azkeneko urteetan sendotzen ari gara azoka, bai asteazkenetan Damarri plazan zein larunbatetan portuan egiten dutena. Gure apustua beraz, lehen aipatu dudan bezala, gure apustua Hondarribia Abian programaren barruan lehenengo sektorea sustatzea da”.
Gaur aurkeztu dutena, Hondarribiko Azokaren irudi berria izan da. Irudiaz gain, hainbat euskarri ere banatuko ditu udalak. Hala, ekoizleek poltsa berrerabilgarriak izango dituzte, plastiko berezikoak eta oihalezkoak. Formatua aldatu dutela azaldu du Silanesek, oihalezkoen kasuan egokitu egin dituzte azokan erositako produktu guztiak eroso eta egoki bertan sartu ahal izateko, “herritarrei dei egin nahi diet poltsa horiek behin eta berriz erabil ditzaten, azokara erostera datozen bakoitzean. Piska bat zabalagoa, ogia, barazkiak eta landareak sartzeko”.
Azokan, asteazkenekoan zein larunbatekoan, karpez gain, azokaren izena ere jarriko dute. Halaber, mantel berriak ere sortu dituzte Hondarribiko Azoka logo berdearekin jantzita. Helburua azokaren irudi osoa bat ematea dela azaldu du, “urrutitik ikusita identifikatzea, Hondarribiko Azoka dela jakin dezan bertaratzen denak”.
Azokak hartzen dituen bi espazioak —Damarri lazan behera aldatu behar izan dute— COVID-19arekin ezarritako distantzia eta neurriak bermatzeko eremu egokiak direla nabarmendu du bestalde zinegotziak.
Sustapen ekonomikorako estrategikoa dela lehen sektorea indartzea erantsi du Ingurumen arduradunak, “azoka indartzea, bertan izatea eta haren aldeko apustua egitea garrantzitsua iruditzen zaigu”.
Eskerrak eman dizkie Silanesek ekoizle eta baserritarrei, baita bezeroei ere, “azoka sendotuta dagoelako haiei esker, eta alde guztiak daude gustura”
Saskiak, 15 euroan
Online saskiak eskatzeko aukera zabaldu dutela azokako tokiko produktuekin gogorarazi du bestalde, Silanesek. Hondarribiako Udalaren webgunean sartu, izena eman eta 15 euroren truke eskuratu daitezke. behin erreserba online eginda, San Pedro kaleko larunbatetako azokan Botika baserriak daukan postuan jaso beharko dituzte. Hiru aste bete dira iniziatiba martxan jarri zutenetik eta balorazio ona egin du zinegotziak, astetik astera kopuruak gora egin duelako nabarmen. datuak eman ditu hori baieztatzeko: “Hirugarren astea da honakoa, lehen astean bi eskaera jaso genituen, bigarrenean hamasei, eta gaur gehiago izan dira”. Erosteko modu hori erosoa da, eta halaber, tokian tokiko ekoizleek sortutako produktuak kontsumitzeko modua, “etxetik eskatzen duzu, eta gero azokara etorri behar duzu bila. Horrela ziurtatu nahi dugu ekoizle eta erosleen arteko hartu eman hori mantentzen dela”. Eskaintza hori ez da bakarrik hondarribiarrei begira, “eskualdeko herritarrei ere zabalik dago”.
Produktua baserritarrek jartzen dute, baina euskarri digitala udalak jartzen du.
Agroaldeari ere egin dio erreferentzia Silanesek: “5.000 metro baino gehiago dira, hiru lur sail daude eta bertan hiru ekoizle ari dira. Horren aldeko apustua ere egin dugu”.
Une honetan Damarriko azokan bospasei ekoizlek hartzen dute parte, eta San Pedrokoan, berriz, hamabi ekoizlek jartzen dute postua.