Euskaldunek gutxi irakurtzen dute euskal literatura
Carlos Blanco Aginaga (CBA) Irungo Udal Liburutegian urtebetez egon diren joerak ikertu dituzte Unai eta Maialen Oiartzun anai-arrebek. Orain, ondorioak zeintzuk diren azaldu dute.
Jose Antonio Loidi beka irabazi zuten Unai Oiartzun (Irun, 1992) eta Maialen Oiartzun (Irun, 1995) anai-arrebek. Euskarazko irakurzaletasuna CBA Irungo Udal Liburutegian aztertu zuten, eta orain, ondorioez mintzatu dira. Liburutegiko jarduerak, maileguak eta funtsa ikertzeko lagina sexuaren, adinaren eta hizkuntzaren araberakoa izan da, hala helarazi dizkie datuak liburutegiak. Bikoteak azaldu du, funtsean eta maileguetan hizkuntza sailkapena bitan zegoela egina: euskarazkoak eta beste hizkuntzetakoak.
Euskarazko sorkuntzen irakurle %5 dira hirian, liburutegian jasotako datuen arabera. Anai-arreben hitzetan, datu horrek dio euskaldunek gutxi irakurtzen dutela euskaraz, hirian euskaraz dakitenen kopurua askoz handiagoa delako (euskaldunen eta ia euskaldunen kopurua biztanleria osoaren %50etik gorakoa da), eta beraz, ondorioztatu dute euskal hiztunek gaztelaniaz gehiago irakurtzen dutela euskaraz baino.
Faktore askok eragiten dute joera hori horrelakoa izan dadin. Baina haien ondorioetan nabarmendu dutenez, haurrek irakurtzen dute batez ere euskaraz. Maileguen zerbitzua haiek erabiltzen dute batez ere: «Euskararen ezagutza handiena haurren eta gazteen artean dagoenez, logikoa da». Eskolarekin edo ikasketekin lotuta irakurtzen dute gazteenek euskaraz gehienbat, ez hainbeste aisialdian. Gaztelania lehenesten da aisialdiko irakurketetan, ikerketaren egileen esanetan euskarazko liburuen funtsa eskasagoa delako, hortaz, gaztelaniazko bertsioak irakurtzera jotzen dute gazteek.
Euskarazko bertsio eta itzulpenekiko aurreiritzi asko daudela ere esan dute. «Euskarazko itzulpenak txarrak direla uste du jendeak». Haien ustez pedagogia asko egin behar da euskaraz idazten dena, euskarara itzultzen dena edo euskarazko produkzioak zabaltzeko.
Jarduerak
Jardueren eskaintzari dagokienez desoreka «nabarmena» dela aipatu dute, gaztelaniaren aldekoa. Ikasturte osoan egonkorra den euskarazko jarduera bakarra dago, eta gaztelaniaz bat baino gehiago dira. «Egia da egonkorrak ez diren jardueren artean euskaraz bat baino gehiago eskaintzen direla», zehaztu dute. Ipuin kontalarien kasuan aldatzen da joera hori; euskarazkoak baitira gehienbat kontaketak.
Euskarazko ekintzen eskaintza handitu beharko litzatekeela ere uste dute erabiltzaileek. Hala ere, bikoteak dio erraza dela eskaintza gehiago behar dela esatea. «Gero, parte hartzeari erreparatu behar zaio». Gutxi gorabehera 9-10 pertsona daude euskarazko irakurleen taldean, eta gaztelaniaz, talde bat baino gehiago dago. Komunikazio aldetik lan handia egin behar dela dute iritzi ikertzaileek, dagoena behintzat ezagutarazteko. «Beste hizkuntzetan egiten diren jarduera batzuei oihartzun handia ematen zaien bezala, euskarazkoek ere behar dute ikusgarritasun handi hori».
Euskal liburuei ikusgarritasuna emateko, liburuen kokapena aldatzea eta erakargarriago bilakatzea proposatu dute. Euskara ikasten dabiltzanentzat irakurketa errazeko liburuekin txoko berezi bat sortzea egokitzat dute, irakurtzen jarraitzeko gogo hori pizten dietenekin.
Iradokizunen kutxa bat jartzea ere egin dute ekarpen gisara, proposamen konstruktiboak egiteko. «Adibidez, haurrekin harremanetan dagoen irakasle batek liburu bat gomendatzeko». Ildo horretan, hiriko eragile, ikastetxe, auzo elkarte eta euskara elkarteekin harreman sare sendo bat sortzearen beharra ere nabaritu dute.
Erabiltzaileen iritzia
Ikerketa lanaren barruan, erabiltzaileen esperientziak eta iritziak jaso dituzte. Hala, liburutegiko langileen funtzioari buruz, erabiltzaileek diote funtzio administratiboa betetzen dutela batez ere, eta orientazio falta sentitzen dutela. Funtsaz ere izan dute zer esan: «Askotan, liburuak zaharkituta daude, ez fisikoki bakarrik, baizik eta linguistikoki ere». Kasu askotan 1960ko eta 1970ko hamarkadetako edizioak topa daitezkeela esan dute anai-arrebek.
Nobedade falta dagoela esan diete irakurleek. 2016an, liburutegiaren eraikin aldaketa izan zenean, inbertsio handia egin zuten liburu berriak erosteko, eta esan dutenez, orduan erosi ziren euskarazko nobedade gehienak. Maileguen kopuruan gorakada nabaritu zen, eta urte horretako mailegatutako liburuen zerrendan lehenengo postuan agertzen ziren liburuak erosi berriak zirela. Beste urteetan, haurren liburuak dira nagusi.