FICAB arkeologia zinemaldian parte hartzeko aukera zabalik da jada
Ikus-entzunezko genero guztiak onartuko dituzte lehiaketan eta edonor izan daiteke sortzailea.
Azaroaren 15etik 20ra bitarte ospatuko da 21. FICAB, Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoa. Lehiaketa honetara ikus entzunezkoak aurkezteko epea zabaldu dutela eman dute jakitera gaur udaleko kultura sailak eta Oiasso museoak.
Zine genero guztiak onartuko dituztela azaldu dute, hala nola dokumentalak edo erreportajeak, beti ere arkeologiarekin zerikusia baldin badute. Izan ere, arkeologia eta zientzia honen teknikak dira festibal honen ardatzak (etnoarkeologia, arkeologiaren ondarea…).
Parte hartzailea edozein nazionalizate duen sortzailea izan daitekeela azaldu dute. Bakarlariek edo talde publiko zein pribatuek aurkeztu ditzakete euren lanak.
Lau sari egongo direla aipatu dute:
- Festibaleko sari nagusia (2.000 euro)
- Ikusleen sari berezia (1.000 euro)
- Lan pedagogikoaren Orona fundazioa saria (750 euro)
- Dibulgazio zientifikoaren Arkeolan saria (ez dago diru saririk)
Orona fundazioa sariaren irabazlea erabakitzeko epaimahaia FICABeko epaimahaikideek eta Orona fundazioko kideek osatuko dute. Aldiz Arkeolan saria, izen bera duen fundazioko kideek banatuko dute.
Izena emateko bi aukera daude: helbide elektroniko honetara idatziz edota link honetan klik eginez.