Gorenak atzera bota du HAPOaren kasazio-errekurtsoa, PSE-EEk ezagutarazi duenez
Talde sozialistak eman du albistearen berri gaur goizean; beste hiru helegite aurkeztu dituela udalak gogorarazi du udal taldeak.
Espainiako Auzitegi Gorenak HAPOaren epaiaren aurkako kasazio-errekurtsoa ez duela onartu jakinarazi du PSE-EEren udal taldeak. Goizean igorritako oharrean Iosu Alvarez bozeramaileak dioenez, hilaren 12an ezagutarazi zion erabakia auzitegiak Hondarribiko EAJren udal gobernuari. Beste hiru helegite aurkeztu dituela udalak gogorarazi dute sozialistek.
Hori horrela, aurrerantzean «udal talde guztien adostasunarekin bide orri bat diseinatzeko» galdegin dio Alvarezek EAJri. Plan berria «egungo arauetara» egokitzeko aukera baliatzeko eskatu du, baina hainbat proiektu «lehenbailehen» gauzatzera premiatu du tokiko gobernua, esaterako, Presa 1 eta Presa 2 babestutako alokairurako etxebizitzena.