Udal gobernuaren jarrera deitoratu du Abotsanitzek
EAJren udal gobernuak kasazio-errekurtsoaren gaineko erabakia hilaren 12tik ezagutzen zuela kritikatu du Abotsanitzek, eta tokiko gobernuaren «gardentasuna» ezbaian jarri du.
Auzitegi Gorenak kasazio-errekurtsoaren aurrean hartutako erabakia gaur goizean ezagutu du Abotsanitz Herri Batzarrak. Udal taldeak deitoratu duenez, «ebazpena aurreko ostiralekoa den arren, udal gobernuak ez digu honetaz informatu. Gaur bertan bozeramaileen batzordea izan dugu eta Txomin Sagarzazu alkateak ez digu ezer esan». Ildo horretan, EAJren udal gobernuaren «gardentasuna» zalantzan jarri du udal alderdiak.
Gorenaren erabakiari erreparatuta, «2017ko udalbatza hartan EAJren botoekin bakarrik hartutako erabakia» ezerezean geratzen dela iritzi dio Abotsanitzek. Orain, baina, ondorioei aurre egin behar zaiela adierazi du, eta horiek «ikaragarriak» direla erantsi: «Alkatearen eta EAJren burugogorkeriak XX. mendera eraman gaitu atzera». Hamar urtez egindako lana eta 800.000 euro galdu izana leporatu die jeltzaleei. «Txomin Sagarzazu alkatea eta EAJ dira arduradun bakarrak», bukatu du.