Gorenak ez duela kasazio-errekurtsoa onartu berretsi du gobernu taldeak
Auzitegiak atzera bota du Hondarribiko Udalak plan orokorra baliogabetzen zuen sententziaren kontrako aurkeztutako helegitea.
Espainiako Auzitegi Gorenak ez du Hondarribiko Udalak Hiri Antolamendu Plan Orokorraren (HAPO) epaiaren aurka jarritako lehengo kasazio-errekurtsoa onartu. EAJren udal gobernuak esan duenez, «betidanik hartu da kontuan bazitekeela errekurtsoa ez onartzea, hori dela eta, errekurtsoa jartzea erabaki zen unetik bertatik HAPO berria izapidetzeari ekin zitzaion». Hiru kasazio-errekurtso gehiago aurkeztu ditu udalak.
2017ko ekainetik onartu dituzten neurri eta azterketak HAPO berrira aplikatu ahal izango direla, eta beraz, plan orokor berria «aberasteko» baliatuko dutela erantsi du EAJk, «adibidez, mugikortasunaren, berdintasunaren eta abarren ingurukoekin».
Azkenik, HAPOaren baliogabetzeak «ziurgabetasuna» sor dezakeela onartu du tokiko gobernuak. «Adierazi nahi dugu lanean ari garela ahalik eta epe laburrenean haien zalantzei erantzuna eman ahal izateko», bukatu dute.