BATeko bost ordezkarik Espainiako Txapelketa Absolutua jokatuko dute asteburuan
Teresa Errandonea, Iker Arozena, Maria del Mar Jover, Miriam Gregori eta Sara Villasante prest daude podiumean sartu eta dominaren bat eskuratzeko.
Asteburu honetan (hilaren 19tik 21era bitarte) Bidasoa Atletiko Taldeko bost kirolarik Espainiako Txapelketa Absolutua jokatuko dute. Bostentzako asmo handiko lehiaketa izango da, orain arte eskuratutako markak gainditzea izango baitute helburu nagusi, eta tartean, dominaren bat iritsi daiteke Bidasora.
Teresa Errandonea (60 metro hesietan) da urrezko domina eskuratzeko aukera gehien dituena. Iazko garaipena errepikatzera doa irundarra. Egun, ranking-ean lehen postuan dago (8,13 segundoko marka ezarri du orain arte), eta joan den asteburuan egoera onean dagoela erakutsi zuen, Europako Torun Txapelketarako txartela eskuratu baitzuen. Tokioko Olinpiar Jokoei begira marka hori hobetzea izango du helburu nagusia.
Iker Arozena ere Madrilen izango da, luzerako saltoan ariko da. 19 urterekin jada 23 urte azpikoen Espainiako txapeldun izan da. Joan den asteburuan bere marka pertsonala gainditzeko aukera izan zuen (7,46 m). Lehen mailako kirolariekin lehiatuko den arren, dominen bila doa Arozena.
Maria del Mar Jover ere luzerako saltoan ariko da asteburuan. Egun bosgarren postuan dago ranking-ean, joan den astean eskuratutako 6.13 metroko saltoari esker. Podiumean sartzea izango du buru-belarri.
Miriam Gregori 800 metro proban lehiatuko da. Orain arte 2:09:81-eko marka eskuratu du, eta honi esker hamargarren postuan dago. Finalean sartzeko borrokatuko du.
Amaitzeko, Sara Villasante izango da BATeko azken ordezkaria Madrilen, 1.5000 metro proban lehiatuko da. Egun 13. postuan dago.