Zinema eta musika, aste honetarako proposamenak
Ostiralean 'Akelarre' filma proiektatuko dute Amaia KZn; igandean aldiz, Iñaki Dieguez (soinua) eta Iker Telleriak (perkusioa) kontzertua eskainiko dute.
Irungo Udaleko Kultura sailak otsaileko agendak Amaia Kultur Zentroak jasoko dituen hitzorduak jakinarazi berri ditu. Ostiralean zinemak hartuko du aretoa, eta igandean aldiz, musikak.
Ostirala (hilak 19) zinemaren txanda izango da. Pablo Agüeroren Akelarre filmaz gozatzeko aukera izango dute irundarrek, 19:00etatik aurrera. Goya sarietarako bederatzi izendapen eskuratu ditu filmak, horien artean argazki onenarena, Javier Agirre irundarrak egina. Sarrerak 5,50 euroan eskura daitezke jada, lotura honetan edo Luis Mariano turismo bulegoan.
Bestalde, igandean (hilak 21) beste hitzordu garrantzitsua izango dute herritarrek. Ricardo Requejo ganbera musika zikloaren barruan, Iñaki Dieguez (soinua) eta Iker Telleria (perkusioa) Amaia KZko oholtzara igoko dira. Honela definitu du emanaldia Dieguezek: «Azken urteetan lagun izan ditudan musiken zeharreko bidaia da. Musika frantsesa edo tangoa, obra klasikoak edo folketik gertu daudenak, musika inprobisatua edo jazza. Kontzertu eklektikoa da, nire iritziz ederrak diren musikez osatua. Urte hauetan guztietan, eszenatokietan, oholtza musikari handi-handiekin partekatu ondoren, nire burua modu intimoagoan adierazteko unea iritsi da, adierazteko gaitasun handia duen instrumentu xume batez, eta nire konposizioak modu biluziagoan ezagutzera emanez».
Kontzertuko sarrerak 4,40 euroan eskura daitezke, esteka honetan ere.