Eva Forest eta Alfonso Sastre omenduko dituzte larunbatean
Sastreren 95. urtebetetzea aitzakiatzat hartuta omenaldia eskainiko diote bikoteari Itsas Etxea auditoriumean. Tortura hizpide, 'Zutoin beltza' antzezlana eskainiko dute.
Omenaldia jasoko dute Alfonso Sastrek eta Eva Forestek larunbatean (hilak 20), Itsas Etxea auditoriumean. Sastreren 95. urtebetetzea ospatzeko xedearekin, aitortza ekitaldia antolatu du bikotearen lagun taldeak.
Tortura izango dute aztergai emanaldian. Sastrek idatzitako Zutoin Beltza antzezlana ikusteko aukera izango dute interesdunek, lehenik gazteleraz, eta euskaraz ondoren. Lehen emanaldia 17:00etan egingo dute, eta bigarrena, 19:00etan. Debalde den arren, gonbidapenak jasotzea ezinbestekoa da, Arma Plaza informazio gunean edota egunean bertan leihatilan.
Hilaren 19an, ostiralarekin, Eva Forest eta Alfonso Sastreren omenaldiaren inguruko erreportajea argitaratuko du HITZA-k.