Aurreko urtearekin alderatuta %34,57ko beherakada izan zuen 2020an Irunbusek
Zerbitzuaren zazpi urteko hazkundea eten du COVID-19aren pandemiak. 2020an 1.171.304 erabiltzaile izan zituen.
Irungo Udalak Irunbus autobus zerbitzuaren 2020ko balantzea egin berri du. Pandemiak baldintzatutako urtea izan zen, beraz, datuek behera egin dute halabeharrez. Datuei erreparatuta, iaz hiri barruko garraio zerbitzu publikoak 1.171.304 erabiltzaile izan zituen, 2019an baino %34,57 gutxiago (2019an ia 1,8 milioi izan zituen, inoizko markarik onena).
«Pentsatzekoa zenez, pandemiak eta murrizketek, lehen alarma egoera indarrean zegoenean ezarritako konfinamenduak eta berau arintzeko prozesuak batez ere, Irunbusen zazpi urteko hazkundea eten dute. Nolanahi ere, zerbitzua bermatzea eta babestea zen garrantzitsuena, unean-unean ezartzen ziren segurtasun eta higiene neurriak beteta betiere», esan du Mugikortasun saileko ordezkari Borja Olazabalek.
Irungo garraio publikoaren erabiltzaile gehienek Zaisa-Ospitalea ibilbidea egin dutela azaldu du Olazabalek. Zehazki, 802.544 bidaiarik egin zuten iaz bide hori, 2019an baino %36 gutxiagok (450.017 bidaiari gutxiago). Erdialdea-Katea lineak aldiz, %30,09ko beherakada izan du (2019an baino 119.686 erabiltzaile gutxiago). Hirugarren lineak %34,15eko beherakada izan zuen iaz, eta laugarrenak, %33,10ekoa.
Gauez kalean ibiltzeko murrizketak direla eta, Gautxori zerbitzuaren beherakada izan zen nabarmena iaz, %71,33eko beherakada sumatu zuen. Landa eremuko zerbitzuari dagokionez, 2019an baino 2.650 erabiltzaile gutxiago izan zituen 2020an.