Sestaoko hilketa matxista gogor deitoratu du M8 Asanblada Feminista Bidasoak
Ertzaintzaren hipotesiaren arabera, Sestaoko (Bizkaia) Iberia kalean bizi ziren 57 urteko gizon batek 56 urteko emakumezko bat hil zuen atzo.
M8 Asanblada Feminista Bidasoak gogor gaitzetsi du Sestaoko (Bizkaia) azken erailketa matxista. Atzo izan zen hilketa, Ertzaintzaren hipotesiaren arabera, Iberia kalean bizi ziren 57 urteko gizon batek 56 urteko emakumezko bat hil zuen. Ustezko erasotzailearen gorpua aurkitu zuten atzo goizean, Bilboko itsasadarrean.
«Beste behin ere, Sestaon emakume baten hilketa matxista deitoratu behar dugu. Bidasoko emakumeok irmoki gaitzesten dugu modu koldar eta zentzugabean emakume hori hil izana; gainera, justiziak ezin du inolako esku hartzerik egin, haren hiltzailea itsasadarreko uretan ito baita», esan dute asanbladako kideek amorruz.
Biktimaren familiari maitasun eta elkartasuna adierazi diote «basakeria honen aurrean». «Hemendik jakinarazi nahi diegu ez garela isilduko, eta ezta bat gutxiago ere aldarrikatzen jarraituko dugu arazo honekin amaitu arte», erantsi dute feministek.