Irungo 71 torturatuak gogoratu dituzte herritarrek
Dozenaka lagun bildu dira eguerdian Luis Mariano enparantzan (komandantzia parean), torturaren biktimentzako «aitortza eta erreparazioa» eskatzeko.
Dozenaka lagun bildu dira gaur Luis Marianoko komandantziaren aurrean, Irungo Sortuk egindako deiari erantzunez. Torturaren Aurkako Egunean «aitortza, erreparazioa eta bermeak» eskatu dituzte Euskal Herrian egiaztatutako 5.657 tortura kasuentzat, tartean 71 irundarrentzat. «Euskal Herrian milaka izan dira torturaren atzapar krudeletik igaro behar izan direnak, eta hala ere inongo arduradun politikok ez du ezelako zintzotasun ariketarik eta eragindako kaltea aitortzeko urratsik eman», esan dute amorruz.
Gaur ere tortura euskal independentismoaren aurka jarduteko «arma sistematiko» izan dela salatu dute, eta oraindik ere praktika horrek «inpunitate osoa» izaten jarraitzen duela. «Espainiako Poliziaren zein Ertzaintzaren astakeriek eragindako mina oraindik ez dela sendatu» erantsi dute.