'Burgesiaren ofentsiba gelditu' lemapean elkarretaratu dira
San Juan plaza hartu du gaur arratsaldean Bidasoko GKSk. Joan den asteburuan Ertzainak bi militante jazarri zituela salatu dute gaurkoan, besteak beste.
Hamarka lagunek erantzun diote gaur arratsalderako Bidasoko Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) deitutako mobilizazioari. San Juan plazan bildu dira, Osasun hondamendiaren eta askatasunen ezabapenen aurrean, burgesiaren ofentsiba gelditu lemapean.
Alde batetik, joan den asteburuan gertatutakoa salatzeko probestu dute gaurkoa. Joan den larunbatean Hondarribian GKSko bi kide identifikatu zituztela salatu dute gaur ere, pankartak eta kartelak jartzen ari zirela. Paretaren aurka jartzera behartu ostean, soinean zeramaten material osoa miatu zieten. «Beste behin ere politika egiteko askatasuna erasotu dute», esan dute amorruz. Pandemiak militante politikoenganako jazarpenak ugariak izaten ari direla diote, eta gazte militanteek jasandakoaren atzean soilik «langile antolakuntzan oinarritutako militantzia politikoa» dagoela uste dute.
Bestetik, Europan «gizartearen proletarizazio prozesu bat» ematen ari dela nabarmendu nahi izan dute gaur GKSko kideek, eta ondorioz, ongizate estatua suntsitzen ari dela diote, «historikoki langile aristokraziak eta burgesia txikiak osatu duten erdibideko geruza horren, hots, klase ertainaren desagerpena gauzatzen» ari dela. «Hau ezin da ulertu kapital akumulazio ereduaren krisia aztertu ezean, ez eta azken urte hauetan aurrera eramaten ari den akumulazio ziklo berria kontuan hartu gabe».
Zentzu horretan COVID-19aren pandemia katalizatzaile funtzioa betetzen ari dela erantsi dute, «etekinak bermatuko dituen eredu berria ezartzeari begira». Hala, osasun baliabideak indartu beharrean, kontrol sozialerako mekanismo ezberdinak aplikatzen ari direla diote amorruz, «datorren gizarte eredu totalitarioaren lehen oinarriak ezartzeko» asmoz.