'Irun Lagunkoia' programa «erabakitasunez sustatzeko» eskatu du EAJk
Pandemiak gogor astindu dituen adinekoei laguntzak indartzea premiazkotzat jo dute jeltzaleek, eta horretarako, 'Irun lagunkoia' programa «oso tresna baliagarria» dela uste dute. Eguneratutako diagnostiko baten beharra nabarmendu dute.
Irungo EAJ taldeko Xabier Iridoy eta Lander Ugartemendiak agerraldia eskaini dute gaur batzokian. Bertan, Irun «egokitu, irisgarri, seguru eta inklusibo baten bizi kalitatea hobetzeko» bitartekoak eskaintzeko beharra nabarmendu dute. Eta horretarako, datuetara jo dute jeltzaleek: egun Irunen 65 urtetik gorako 12.646 pertsona daude, biztanleriaren %21,25a, eta 80 urtetik gorakoak aldiz, %6,7a dira.
Adinekoak familien «funtsezko zutabeak» direla argudiatu dute, eta horregatik, adinekoei begirako programak indartzeko eskatu diote udal gobernuari, tartean, ‘Irun lagunkoia’ programa «erabakitasunez sustatzeko».
Azken urteetan aurkeztutako proposamenak gogoratu dituzte lehenik, hala nola, Irun Lagunkoia programa, Etxeko Laguntza Zerbitzua sustatzea, administrazioen arteko sare lana areagotzea edo belaunaldien arteko lankidetza programak sustatzea. «Irungo Udaletik estrategiak, programak eta zerbitzuak eskaini behar ditugu gure adinekoen bizi kalitatea hobetzeko».
Pandemiak gogor astindu dituen adinekoei laguntzak eskaintzea premiazkotzat jo dute jeltzaleek, eta horretarako, ‘Irun lagunkoia’ izeneko programa «oso tresna baliagarria» dela esan dute. «Irungo ongizatea hobetzen lagunduko duten ekintza zehatzak hausnartzeko eta garatzeko tresna erabilgarria eta baliagarria» dela erantsi dute.
Irun lagunkoia programa hori Euskadi lagunkoia programan oinarritutakoa da, Osasunaren Mundu Erakundeak sustatutako ‘Age-friendly Enviroments Programme’ egitasmoan eta zahartze aktiboaren paradigman oinarritutakoa. 2016an Irungo EAJren ekimenez, ‘Euskadi lagunkoia sustraietatik’ programako udalerrien sareari atxiki zitzaion Irun. 451 lagunek hartu zuten parte, eta adinekoen ikuspuntutik Irungo alderdi positiboak eta negatiboak identifikatu zituzten. 2017an aldiz, jasotako proposamenekin lagunkortasun plan bat osatu zuten.
Tamalez, aurrera pausorik ez dute ikusi jeltzaleek, proiektu hori «diagnostiko hutsalean» geratu zela salatu dute. Horregatik, eguneratutako diagnostiko baten beharra nabarmendu dute bi ordezkariek, «proposamen berriak jasoko dituena eta, era berean, denboraren iragaiteak eta COVID-19ak sortutako egungo beharrei erantzungo diena». Zentzu horretan, 2021ko aurrekontuei begira zuzenketa bat aurkeztuko dutela aurreratu dute, Irun Lagunkoia programa berriro ere martxan jartzeko.
Programa hau garatzeko ezarritako metodologia lau fase dituela azaldu dute gaurko agerraldian: diagnostikoa eta adiskidetasun plana, inplementazioa, ebaluazioa eta etengabeko hobekuntzak. Horri lotuta, zortzi dira ikerketa eta ekintza arloak: garraioa, etxebizitza, partaidetza eta gizarte sarea, errespetua eta inklusioa, herritarren parte hartze eta enplegua, komunikazioa eta informazioa, gizarte zerbitzuak eta osasuna eta azkenik, aire zabaleko espazioak eta eraikinak.