Zaldibarko hondamendiaz ariko da Ahotzar Zelaieta Irunen, gertatu eta urtebetera
Behe Bidasoko Eskubide Sozialen Kartak 'Zaldibar zona cero' liburuaren egilearekin hitzaldia antolatu du hilaren 16rako. Palmera Monteron izango da, 18:00etan.
Behe Bidasoko Eskubide Sozialen Kartak hitzaldi berezia antolatu du hilaren 16rako (asteartea da) Palmera Montero Gunean. Zaldibar zona cero liburuaren egile Ahotzar Zelaietak Zaldibar argitu izeneko hitzaldia eskainiko du 18:00etatik aurrera. Bertaratzeko, aldez aurretik izena eman beharko da, lotura honetan.
«Urtebete igaro da jada Zaldibarren dagoen zabortegian hondamendia jazo zenetik. Urte muga beltza inondik inora. Gure zabor kudeaketa eredua goitik behera jauzi zen egun goibel hartan, bidean bi langileren bizitza eramanez: Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze. Lehenak oraindik ere zabor artean jarraitzen du, ez dute topatu eta honen familiaren martirioak ez du amaiera ezagutu», esan dute Karta Sozialeko kideek.
Hondamendi ekologiko eta humanoaz gain, zabortegiaren kolapsoak «beste kirats asko aireratu» zituela erantsi dute, hala nola, enpresa eta kargu politikoen arteko tratu ilunak edo ate birakariak. Zentzu honetan, kasuak Verter Recycling enpresa kudeatzailearekin zerikusia izan dezaketen ardura handiko euskal politikariak zipriztindu zituela erantsi dute.
Hitzaldia iragartzeaz gain, Behe Bidasoko Eskubide Sozialen Kartak Zaldibar Argitu plataformak abiatutako kanpainaren berri eman du. 10.000 eta 20.000 euro artean bildu nahi dituzte, Zaldibarko gertakariak argitzeko baliagarria litzakeen herri akusazioa abiatzeko. Hemen kanpainaren informazio eta xehetasun gehiago.