Udala pandemia nola kudeatzen ari den baloratuko dute herritarrek
Datozen egunotan 727 telefono dei egingo dituzte. Udalak egokitutako zerbitzuak eta koronabirusaren ondorioei aurre egiteko abiatutako udal egitasmoen gainean galdetuko diete irundarrei.
Irungo Udalak telefono bidezko inkesta bat abiatuko du datozen egunotan, COVID-19ak eragindako krisiari udal zerbitzuak egiten ari diren kudeaketaren gaineko balorazioa egiteko. Galdetegian jasoko dituzten gaien artean, udalak egokitutako zerbitzuak eta koronabirusaren ondorioei aurre egiteko abiatutako udal egitasmoen gainean galdetuko diete irundarrei.
Inkesta horrek pandemiak eragindako egoera sozial eta ekonomikoaren inguruko kezkak jasotzea ere izango du helburu. Azkenik, hirian pandemiaren eragina gutxitzen lagun dezaketen proposamenak ere jasoko dituztela aurreratu du udalak.
Irunen bizi diren 16 urtetik gorako 727 pertsona hautatu dituzte inkesta egiteko, %50a emakumezkoak eta beste %50a gizonezkoak. Auzoka eta adin tarteka (16-30; 31-45; 46-65 eta 65 urtetik gorakoak) banatuko dituzte elkarrizketatuak.