Torturaren biktimentzako «egia eta erreparazioa» exijituko dute irundarrek
Torturaren Aurkako Egunean mobilizatzera deitu du Sortuk, tortura euskal independentismoaren aurka jarduteko «arma sistematiko» izan dela salatzeko. Irunen, 71 tortura kasu egiaztatu dituzte.
Larunbat honetan (hilak 13) Irungo Sortuk mobilizatzera deitu ditu irundarrak, Torturaren Aurkako Egunaren harira. Larunbata «egia eta erreparazioa exijitzeko eta bizi dugun gatazka politikoaren gordintasuna agerian uzteko» eguna izango dela diote, salatzeko «tortura tresna sistematikoa izan dela Euskal Herriko askapen nahia makurrarazteko». Luis Mariano enparantzan bilduko dira (komandantzia parean), 13:00etan.
Euskal Herrian gutxienez 5.657 tortura kasu egiaztatu direla nabarmendu dute, eta Irunen, gutxienez 71 tortura kasu izan direla. «Euskal Herrian milaka izan dira torturaren atzapar krudeletik igaro behar izan direnak, eta hala ere inongo arduradun politikok ez du ezelako zintzotasun ariketarik eta eragindako kaltea aitortzeko urratsik eman», esan dute amorruz. Espainiako Poliziaren zein Ertzaintzaren kuarteletan egindako astakeriek eragindako mina oraindik ez dela sendatu erantsi dute. «Iraindu egin gintuzten eta umilatu, mespretxatu eta gutxietsi, ukitu eta ito, jo eta bortxatu, tartean hainbat heriotza bera eragiteraino».
Tortura euskal independentismoaren aurka jarduteko «arma sistematiko» izan dela diote Sortuko kideek, eta oraindik ere praktika horrek «inpunitate osoa» izaten jarraitzen duela. Are gehiago. Torturatzaileak egindako lanarengatik ordainean sarituak eta kondekoratuak izan direla erantsi dute amorruz. Espainiako estatuak fikziozko kontakizun bat inposatu nahi duela diote, «zintzoen eta gaiztoen artekoa, herri oso bati hitza eta erabakia ukatzen jarraitzeko, herri oso baten sufrikarioa eta mina betikotzeko».