Epaitegiek eremu gorriko ostalaritza guneak irekitzea baimendu dute
Behin-behinekoa da erabakia, auziaren muina aztertu artekoa. Irun, Errenteria-Orereta, Pasaia, Lezo eta Oiartzun daude Oarso Bidasoan eremu gorrian.
EAEko Auzitegi Nagusiak aintzat hartu du ostalariek jarritako helegitea, eta eremu gorrian dauden udalerrietako ostatuek zabaltzeko aukera izango dute. Oarso Bidasoan, Irun, Errenteria-Orereta, Pasaia, Oiartzun eta Lezo daude eremu gorrian. Behin-behineko erabakia da, auziaren muina aztertu artekoa. Gaurtik (asteazkena) igo ditzakete berriz ere pertsianak.
Eremu horietako ostalaritza guneek ateak zabaltzekotan, 20:00etan itxi beharko lituzkete establezimenduak, eta zabalera ordua 06:00etan ezarriko litzateke. Gainera, guneen barruko aforoak %50ekoa behar luke izan, mahai bakoitzean gehienez lau pertsona egotea baimenduko litzateke, eta mahaien arteko distantziak gutxienez metro eta erdikoa beharko luke izan. Ezingo da barran edo zutik kontsumitu.
Izan ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ostalariek elkarteen iritziz, «neurrigabea» da Eusko Jaurlaritzaren agindua, eremu gorrian dauden udalerrietako ostatuak ixtekoa, eta salatu dute azken asteetan izan diren kutsatzeen jatorria ez dagoela tabernetan, Eguberrietako topaketen ondorio direla baizik. Hori salatzeko, auzitara jo zuten, eta eskatu dute behin betiko erabakia hartu bitartean agindua bertan behera uzteko.
Eusko Jaurlaritzak uste du, baina, ostalaritza itxi izanak kutsatze kopuruak murriztea ahalbidetu duela, eta atzo alegazioak aurkeztu zituen, udalerri horietan ostalaritza ixteko erabakia defendatzeko.