"Zorionez lortu dugu aurrez aurreko jarduerari eustea"
Aurten Korrika egiteko aukerarik ez dagoen arren, euskararen normalizazioa aldarrikatzeko hamaika arrazoi dituztela azaldu du Beñat Alzaga Irungo AEK-ko zuzendariak.
Zer moduz joan da matrikulazio kanpaina?
Iraileko matrikulazio kanpainak hilabeteko iraupena eduki zuen, eta jendearen joera azken momentura arte itxoitea izan zen. Aurten, pandemia dela-eta inoiz baino beranduago etorri da jendea. Izan ere, ezjakintasun handia zegoen ea klaseak aurrera aterako ziren, eta aurrez aurre edo online izango ziren. Aurretik genituen susmoak betetzen hasi ziren, baina azken momentuko jende uholdeak oso kontent utzi gintuen. Espero baino hobeto joan da azkenean kanpaina eta ez ditugu ikasleak galdu.
Nola egokitu dituzue klaseak pandemia garaira?
Eusko Jaurlaritzatik neurri oso zehatzak, ez zorrotzak, baizik eta zehatzak ezarri zituzten. Neurri horiek hartuta, ikusirik gure ikasgelak horren txikiak ez direla, eta talde bat sortzeko zortzi lagun behar ditugula, zorionez lortu dugu aurrez aurreko jarduerari eustea eta segurtasun neurri guztiak betetzea.
Korrika aurten ez dela egingo aurreratu zenuten iaz. Horren ordez zerbait antolatu duzue?
Azaroan iragarri genuen ez zegoela baldintzarik Korrika modu naturalean egiteko. Izan ere, jendea multzoak elkarrekin, eta korrika… ez zen bideragarria. Kontuan izan behar dugu Korrika zer den AEKrentzat, eta hortaz, aurten erabaki dugu martxoaren 28an Euskal Herriko plaza gehienetan ekitaldi bana egitea. Gure eskualdean ekitaldi bana egingo dugu Irunen eta Hondarribian. Oro har, Euskal Herriko herrietako ekitaldi guztiek bizkarrezur antzekoa edukiko dute, baina gero herri bakoitzak bere gustura, nahierara edo ahalmenera doituko du. Irunen AEK-k antolatuko du, eta Hondarribian bertako Korrika batzordea izango da ekitaldiaren arduraduna.
Ekitaldi horiei buruzko zerbait aurrera dezakezu?
AEK-k euskararen normalizazioari buruzko bere irakurketa politikoa plazaratuko du. Aurten Korrika ez egonagatik, nolabait horren beharra badagoela mahaigaineratu nahi dugu, eta gure helburua izango da gure herriko euskalgintzarekin eta gizarte eragileekin horren beharra mahaigaineratzea.