Arbes, Belaskoenea eta Palmera Montero auzoetan TAO sistema jarriko da
Xedea "Egoiliarrak auzoan aparkatu ahal izatea eta merkataritza eta ostalaritza eremuetan txandakako aparkatzea ahalbidetzea" dela esan du ordezkariak.
Erabakia auzo elkarteekin partekatu ondoren hartu dutela adierazi du Borja Olazabal Mugikortasun ordezkariak. TAO sistemaren xedea “Egoiliarrak auzoan aparkatu ahal izatea eta merkataritza eta ostalaritza eremuetan txandakako aparkatzea ahalbidetzea” dela esan du ordezkariak.
Urtarrila amaieran onartu zuen Tokiko Gobernu Batzordeak kontratu berria lehiaketara ateratzea eta zehaztu dutenez, apirilean jarriko da indarrean TAO sistema Arbes, Belaskoenea eta Palmera auzoetan. Sistema hau aipatutako auzoetara zabaltzea erabaki dute “aurreko mugikortasun planek hautemandako arazoak konpontzen” joan delako.
Udalak egindako azterketa batean ondorioztatu dute Palmera Monteroren kasuan autoen erdiak auzotarrenak direla, eta gainerakoak Irungo beste eremu batzuetakoak edo hiritik kanpokoak direla. Astegunetan, ibilgailuen %21 ez da mugitzen egun osoan.
Aipatutako auzo hauetan mugimendua hazi dela dio ordezkariak eta udalak aparkaleku gehiago sortzeko asmoa iragarri du. Adibide gisa jarri du Bienabe Artiako aparkalekua handitzeko lanak eta Palmera Monterotik oso gertu dagoen Belartzako aparkalekuaren etorkizuneko proiektua.
Guztira 5.544 plaza izango dira eta araututako lau tipologiak mantenduko dituztela jakinarazi du ordezkariak: Eremu urdina, berdea, gorria eta zuria. Eremu zuria egoiliarrentzat gordetako plazak dira eta beharrezkoa balitz plaza kopurua handitu ahal izango dela aurreratu du Olazabalek.
Kontratu berriak bi urte iraungo ditu, aurreko hitzarmenak baino gutxiago eta urteko 1.836.353 euroko aurrekontua erabiliko dutela azaldu du udal gobernukideak. Elkarrekin Podemosen zuzenketa baten ondorioz, zerbitzu hau berriro udalaren esku uzteari buruzko azterlan bat lantzen ari dira.