[Galeria] Kostak bizi duen "arazo pilaketa" medio, udal arkitektoarekin biltzeko eskaria erregistratu du auzo elkarteak
Azken asteotan izandako luiziek, errepide mozketak, obrek... "arriskua" eta "segurtasun falta" eragiten dutela argudiatuta kezka agertu dute auzokideek.
Udal arkitektoarekin biltzeko eskaera erregistratu duela jakinarazi du Amute-Kosta Auzo Elkarteak ohar baten bitartez. Kostako eremuan “arazo pilaketa” ematen ari dela-eta kezka agertu du bizilagun taldeak, horiek “arriskua” eta “segurtasun falta” eragiten dutela argudiatuta. Hortaz, “zalantzak argitzeko” eta “informazioa” bildu ahal izateko arkitektoarekin biltzeko eskaria egin duela ezagutarazi du auzo elkarteak.
Zabaldutako informazioaren arabera, ondokoak dira mahaigaineratuko dituzten arazo nagusiak:
- Llobregateko igoeran izandako luizia.
- Kostako errepidean luizi arriskua.
- Kaputxinoen lursailean gertatutako luizia.
- Kostako bidegorriko obra.
- Zenbait eraikinen egoera.
- Kaputxinoetako espaloirako aurrekontua.
- Oinezkoentzako zebrabideak eta segurtasun bermea.
Bestalde, Amuteko biribilgunearen inguruko idatziarekin zer gertatu den ere galdetu dio elkarteak tokiko gobernuari. Izan ere, iazko uztailaren 8an Udalerria batzordean erregistratutako eskaerak ez duela erantzunik jaso salatu du bizilagun elkarteak. Hori dela eta, eskaeren trazabilitatea argi dezan galdegin du taldeak, “nork” erantzun behar dituen idatziak eta “zergatik” ez diren erantzuten azaltzeko eskatu dio Hondarribiko Udalari oharrean.