Larunbatean San Juan plaza hartuko du Bidasoko GKSk
18:00etan bilduko dira San Juan plazan, 'Osasun hondamendiaren eta askatasunen ezabapenen aurrean, burgesiaren ofentsiba gelditu' lemapean.
Bidasoko Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) elkarretaratzera deitu ditu irundarrak larunbatean (hilak 13). 18:00etan bilduko dira San Juan plazan, Osasun hondamendiaren eta askatasunen ezabapenen aurrean, burgesiaren ofentsiba gelditu lemapean.
Azken urteotan Europan «gizartearen proletarizazio prozesu bat» ematen ari dela esan dute lehenik GKSko kideek, HITZArik bidalitako ohar batean. Beraz, ongizate estatua suntsitzen ari dela diote, «historikoki langile aristokraziak eta burgesia txikiak osatu duten erdibideko geruza horren, hots, klase ertainaren desagerpena gauzatzen» ari dela. Ondorioz, gizartearen gehiengoa miseriara kondenatuta daudela salatu dute. «Hau ezin da ulertu kapital akumulazio ereduaren krisia aztertu ezean, ez eta azken urte hauetan aurrera eramaten ari den akumulazio ziklo berria kontuan hartu gabe».
COVID-19aren pandemia katalizatzaile funtzioa betetzen ari dela erantsi dute, «etekinak bermatuko dituen eredu berria ezartzeari begira». Hala, osasun baliabideak indartu beharrean, kontrol sozialerako mekanismo ezberdinak aplikatzen ari direla diote amorruz, «datorren gizarte eredu totalitarioaren lehen oinarriak ezartzeko» asmoz.
Askatasun zibil eta politikoen urratzea eta horien ezabapen sistematikoak salatzeko premia nabarmendu dute, eta horretarako, kaleak hartzeko autua egingo dute gazteek. Hortaz, datozen asteotan «gero eta askatasun gutxiago izango dugun gizarte eredu baten garapenak» zertan datzan eta «kontrolak eta errepresioak klase kapitalistaren mesedetan betetzen dituzten funtzioen» gainean ariko dira lanean, «gaitasun militanteak handitu eta langileriaren antolakuntza komunista hedatzeko asmoz».
Irundar orori luzatu diote larunbateko mobilizazioan parte hartzeko gonbita.