COVID-19aren eremu gorritik atera da Hondarribia, bihartik ostalaritzak ireki ahal izango du
Asteburuan COVID-19agatik hamabi kutsatu gehiago izan dira Hondarribian, eta horrek ahalbidetu du 100.000 biztanleko tasa 500dik beherakoa izatea.
Hondarribiak, atzoko egunez (igandea) COVID-19aren 100.000 biztanleko tasa 476koa zuen. Beraz, eremu gorritik at da tasa hori 500etik jaitsi delako. Eta Jaurlaritzak jada ebatzi du: Hondarribiko tasa 500dik beherakoa denez, eremu gorriko udalerriei dagozkien neurri bereziak indargabe gelditzen direla: beraz, bihartik, ostalaritza establezimenduek ateak irekitzeko eskubidea dute.
Asteburuan koronabirusagatik hamabi positibo gehiago zenbatu dira Hondarribian, bost ostiralean, zazpi larunbatean eta bat bera ere igandean. Irunen, aldiz, 70 izan dira kutsatuak (17 ostiralean, 28 larunbatean eta 25 atzo). Aurreko asteburuan 100 positibo atzeman ziren Irunen.
Gauzak horrela, honakoa da Irungo eta Hondarribiko tasa egun:
- Irun: 705 (joan den ostegunean 735).
- Hondarribia: 476 (joan den ostegunean 541).
Osasun Sailak datu horiek eta beste asko eman ditu gaur. Horien berri zehatz izateko sartu haien webgunean.