Herri Babesareak bigarren foru ibiltariari ekingo dio bihar
Egungo egoera aintzat hartuta, birtuala izango da foroa. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako bederatzi udalek hartzen dute parte sare horretan, tartean, Irun eta Errenteriakoak.
Kolonbia, Honduras, Guatemala, Mexiko eta Mendebaldeko Saharako gizarte zibileko erakundeen babesaren alde arituko dira bihartik eta hilaren 18ra arte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hamar udalek, tartean Errenteriakoa eta Irungoa. Aipatutako herrialde horietan guztietan, giza eskubideen alde lan egiteagatik kriminalizatu, mehatxatu eta hil egiten dituzte.
Herri Babesareatik, giza eskubideen alde lanean ari diren ekintzaile eta erakundeei babesa eskainiko diete, hori baita euskal udal sarearen xedea. Tokian tokitik, giza eskubideen defendatzaileak babesten lagundu nahi dute. Horren harira, bihartik hasita bigarren Foro Ibiltaria egingo dute, eta Kolonbia, Honduras, Guatemala, Mexiko eta Mendebaldeko Saharako giza eskubideen bederatzi erakundek hartuko dute parte.
Egoerak baldintzatuta, birtuala izango da bigarren foroa eta online mintegiak antolatu dituzte horren barruan; helburua, euskal jendartea giza eskubideen defentsaren garrantziaren gainean kontzientziatzea. Horretarako beraien lurraldeetako testuingurua azalduko dute, baita garatzen duten defentsa lanak zein ondorio fisiko zein emozionalak dituen.
Gune ireki horiek egin eta astebetera eragin politikorako barrurako bilerak egingo dituzte sarean parte hartzen duten udalek, zein mintegietan aritu diren erakundeek, nazioarteko babes sarea indartzeko eta haien babesa sustatzen duten tresnak sortzeko.
Giza eskubideen alde lanean ari diren erakunde eta pertsona horien gaineko bi datu esanguratsu zabaldu ditu Herri Babesareak : Bataz beste , astero, lurraren eta ingurumenaren lau defendatzaile hil dituzte 2015eko abenduaz geroztik; 2019an Front Line Defendersek 304 defendatzaileren hilketa erregistratu zituen; horietatik %40ak lurra, herri indigenen eskubideak eta ingurumena defendatzen zituzten.
Hiru ardatz tematiko
Herri Babesarearen foroa hiru ardatz tematikoetan antolatu dute. Lurraren eta lurraldearen defentsaz hitz egingo dute bihar, asteartea, 18:30ean hasita; Abelino Salvador Mejia, Mexikoko Retalhuleuko Erkidegoen Kontseiluko kideak, Lilian Borjas Hondurasko Landa Inguruneko Langileen Zentral Nazionaleko kideak, Enguiaa Mohamed Mendebaldeko Saharako Non Violence Act Western Saharako kideak, eta Unai Aranguren Bizkaiko EHNEko kideak arituko dira.
Giza eskubideen defentsaren kriminalizazioa jarriko dute lehen lerroan, asteazkenean, 18:30ean hasita. Mintegi horretan, Adriana Arboleda Kolonbiako Libertad Korporazio juridikoko kidea, Danilo Rueda Kolonbiako Justiziaren eta Bakearen Elizarteko Batzordeko kidea, Franklin Castañeda kolonbiako Preso Politikoekiko Elkartasunerako Lantaldeko kidea eta Leire Lasa CEAR Euskadiko kidea arituko dira.
Hirugarren ardatza, emakume defendatzaileak eta emakumeen eskubideak iznago da, eta horren barruan, mintegia egingo dute ostegunean, 18:30ean. Azken horretan, Minetu Larabas UNMS Saharako Emakumeen Batasun Nazionaleko kidea, Isela Gonzalez Mexikoko ASMAC Sierra Madre Aliantzako kidea, Suyapa Martinez Hondurasko CEM-H Emakumeen Ikaskuntza Zentroko kidea, eta Lur Morales Saitua, Euskal Herriko Bilgune Feministako kidea arituko dira.
Publiko zabalarentzat irekiak dira mintegiak, zuzenean emango dira online eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren finantzaketa eta Euskal Fondoaren abala dituen ekimena bultzatzen duten erakundeen Facebook kontuetan.
Honakoak dira: Nazioarteko Bake Brigadak, Espainiako Estatuko PBI; Mundubat Fundazioa. Informazio gehiagorako, esteka honetan sakatu.