Etorkizun hurbileko erronkei aurre egiteko proposamen sorta aurkeztu du PSE-EEk
Garapen iraunkorrerantz aurrerapausoak emateko NBEk 2015ean onartutako hamazazpi helburuekin bat egiten duen dokumentua da talde sozialistak ekoitzitakoa.
Hondarribiko PSE-EEren udal taldeko Iosu Alvarez bozeramaileak eta Noemi Odriozola zinegotziak Helburua: Hondarribia 2020-2030 izenpeko dokumentua aurkeztu dute gaur goizean Kale Nagusiko egoitzan egindako agerraldian. Proposamen sorta biltzen du lanak –232 proposamen guztira– eta etorkizun hurbilari erantzuteko gakoak planteatzen ditu.
Odriozolak azaldu duenez, pandemiak utzitako egoera medio, udalerriaren «ahuleziak» zein «indarguneak» agerian geratu dira. Agertokiari erreparatuta ezinbestekotzat jo du «egungo egoera gainditzeko eta etorkizun hurbilari baikor aurre egiteko neurriak hartzea».
Zentzu horretan, hautetsiak jarraitu duenez, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) garapen iraunkorrerantz aurrera urratsak egiteko hamazazpi helburu finkatu zituen 2015eko irailaren 15ean, munduko 193 herrialderen adostasunarekin. Pobreziarekin bukatzea, ingurumena zaintzea, eta bizikidetza baketsua zein oparotasuna bermatzea dira NBEren akordioaren gidalerro nagusiak. 2030 da horretarako finkatutako epemuga. «Aipatutako arrazoi horiengatik guztiengatik gure taldeak NBEren agenda Hondarribiko udalerrira egokitzeko garaia dela uste dugu», erantsi du.
Printzipioak
COVID-19 gaitzak utzitako testuingurua «berreraikitzea» beharrezkoa izango dela iritzi diote talde sozialistako kideek. Horri erantzunak emateko, «erantzun zehatzak» izan behar dituztela argudiatu du bozeramaileak. Horretarako, «egoeraren araberako neurrietatik, egiturazko neurrietara» igarotzea ezinbestekoa dela adierazi dute bi alderdikideek, eta horixe dela, hain justu, sozialisten udal taldeak idatzitako dokumentuaren helburua. Aipatutako lan ildoen artean, besteak beste, daude: uraren kudeaketa, pobrezia, merkataritza, hezkuntza inklusiboa, genero berdintasuna, energia…
Horrekin batera, «oso garrantzitsutzat» jo du Alvarezek «Hondarribirako eredu ekonomikoa aldatzea». Izan ere, udalerriko ekonomiaren «%84 zerbitzuen sektorera» bideratuta dagoela adierazi du. Are gehiago: «Hondarribiarren %70 kanpora joaten da lanera egunero. Ekonomia horrekin ezin dugu aurrera jarraitu».
Ekonomia eredu horrek etxebizitza eskubidearengan duen eraginaz ere mintzatu da bozeramailea, eta Hondarribian bizi nahi duten familiek zein norbanakoek egoera «oso konplikatuarekin» topo egiten dutela deitoratu du. Azkenik, egoera ikusirik, plan orokor berria «pertsonei laguntzeko» berridatzi behar dela adierazi du, «herri atsegin bat lortzeko».
Amaitzeko, hondarribiarren ekarpenekin osatu nahi dutela lantresna erantsi dute, eta bi posta elektroniko ahalbidetu dituztela horretarako.
Plana bere osotasunean ikusteko bertan sartu.