Edukiontzi parkea berritzeari ekin dio Txingudiko Zerbitzuak-ek
Errefusa, papera eta plastikora bideratutako kontainerrak aldatuko dituzte lehen fasean. Berritze prozesuari ekin diote dagoeneko, tartean, Mendelu auzoan.
Irungo eta Hondarribiko edukiontzi parke osoa –613 kontainer– berrituko du Txingudiko Zerbitzuak-ek (Txinzer) bizpahiru urteren bueltan, gaur jakinarazi duenez. Errefusa, papera eta plastikora bideratutako edukiontziak izango dira lehen fasean berrituko dituztenak. Horiek guztiak Ficobara iritsi ziren urtarrilaren 25ean eta beraz, bi udalerrietako hainbat auzotan aldaketari ekin diote dagoeneko. Bizpahiru urteko epea hartuko du parke osoa berritzeak.
Leire Zubitur Txinzer-eko kudeatzaileak eta Txomin Sagarzazu mankomunitateko presidenteak prentsa aurrean azaldu dutenez, lehen fasean edukiontzi guztien %50a aldatuko dute. «72 irlatxoetatik 36 ordezkatuko dira», zehaztu du Zubiturrek. Horrez gain, lehen etapan inbertsioa 100.380 eurokoa izango da, eta parkearen %100eko ordezkapena 143.359 euroko inbertsioarekin osatuko da. Beraz, inbertsio osoa 243.739 eurokoa izango dela adierazi dute arduradunek.
Mankomunitateko presidenteak, bere aldetik, kontainer berriak polietilenozkoak izango direnez kutsadura akustikoa murrizten lagunduko dutela nabarmendu du. Areago, «hiri paisaian hobeto integratuko dira diseinu berriari esker, bide publikoan inpaktu bisuala murriztuko da, irisgarritasuna erraztuko da eta segurtasuna areagotuko da. Gainera, lehen fase honetan desgaitasunen bat duten pertsonentzat egokitutako edukiontziak jartzea ere aurreikusi dugu».
Materia organikoa biltzeko kontainerrak momentuz ez dituzte berrituko, «itxiera elektroniko berria zehazteko azterketa fasean baitaude».