Arbesko egoitzaren atzerapenarekin kezkati agertu da udala
2021eko udazkenerako amaituta egotea aurreikusi zuen aldundiak, baina oraindik ez dela aurrerapausorik eman salatu du udal gobernuak.
Irungo Udala kezkati agertu da Arbesko adinekoen egoitzaren proiektua jasaten ari den atzerapenarekin. Izan ere, orain dela bi urte egoitzaren lizitazioa iragarri zuen aldundiak, eta 2021eko udazkenerako amaituta egotea aurreikusi zuen. «Hainbat arrazoirengatik, ordea, atzerapenak pilatzen joan da foru erakundea, eta proiektua ezta esleitu ere egin oraindik», salatu du udalak.
Aurreikusitako proiektu hori «aitzindaria» dela esan du udalak. 130 plaza izango ditu mendekotasun egoeran dauden adinekoentzako; 54 tutoretzapeko apartamentu eta 26 ezinduentzat. Horrez gain, eguneko zentro bat ere izango du eraikinak.
Udalak jasotako azken albiste ofizialak joan den azarokoak direla salatu dute. Orduan jakinarazi zion Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuak udalari eta Adinekoen Batzordeko kideek egoitza berriko lanen kontratazio espedientea geldiaraztea erabaki zutela, txosten batek ohartarazi baitzien pleguetan ez zela jasotzen COVID-19aren pandemiak sortutako egoera berria. Peñaren arabera, lanean aritu dira txostena egokitzeko, egungo egoerarekin bateragarria izan dadin, eta aldundiak azaroan esan zuen bezala, horrek hiru edo lau hilabeteko atzerapena ekar zezakeen.
Bada, bilera hartatik jada hiru hilabete pasatu direla nabarmendu du udal gobernuak, eta Gizarte Zerbitzuetako David Nuño ordezkaria kezkati agertu da. «Ez dugu inolako berririk jaso Aldundiaren aldetik pleguen berritzeari, tramitazioari edo proiektuan egin nahi dituzten aldaketei buruz. Eta ez hori bakarrik, aste honetan, prentsaren bidez jakin dugu Aldundia proiektua birplanteatzen ari dela».
Ordezkariak beharrezkotzat jo du Arbesko eredu arkitektonikoa «berrikustea, azaleren diseinuari eta antolaketari dagokionez», eta ondorioz, guztizko kostua ere egokitu beharko dela erantsi du.
Amaitzeko, Nuñok gogoratu du aldundiaren eta udalaren arteko hitzarmen baten fruitua dela Arbesko egoitzaren proiektua. Udalak utzi du partzela eta bere eskumenekoak diren tutoretzapeko apartamentuak finantzatuko ditu. Hortaz, zentroaren ezaugarriak eta dimentsionamendua barne hartzen dituen edozein aldaketa udalarekin tratatu beharko litzatekeela uste du Nuñok.