Udal gizarte langile gehiago ariko dira lanean
Enplegua sustatzeko programaren baitan, lau langile kontratatuko dituzte eta plantillari dagokionez, zortzi lanpostu finkatuko dituzte.
Egungo krisi sanitario eta soziala dela eta, Gizarte Ongizatea funtsezkoa dela esanez hasi du prentsaurrekoa David Nuño Gizarte Ongizateko zinegotziak. Bere ustez, gizarte politikei lehentasuna ematea ezinbestekoa da.
Programak hedatzen ari direla azaldu du Nuñok, funtsean, hamabi lanpostu finkatu eta kontratatuko dituztela eman du aditzera. Cristina Laborda Gizarte Baliabideetako zinegotziak erantsi du, gizarte zerbitzuak sendotzeko apustua irmotzeko prozesu betean daudela. Enplegua sustatzeko programaren baitan, lau langile kontratatuko dituzte eta plantillari dagokionez, zortzi lanpostu finkatuko dituzte.
Etxegabetze arriskuari aurre egiteko programa sendotu dutela ere zehaztu dute. Horretarako, lanaldi osoko beste gizarte langile bat kontratatu dutela eman du jakitera Nuñok. Aurreratu du, indarkeria matxistari aurre egiteko beste gizarte langile bat ere kontratatuko dutela.
Aste gutxi barru, bost gizarte langile eta administrari izateko hiru lanpostu publiko sortuko dituztela adierazi du Labordak. Eskaintza publikoari esker, “egiturazkoak” izateari utziko diotela eta udal plantillaren barruan egonkortuko direla azaldu du Giza Baliabideetako zinegotziak.
Gizarte larrialdietarako laguntzak berritzeko eskaerak kudeatuko dituen langile bat ere kontratatu dutela aipatuz bukatu dute agerraldia.