[Bideoa eta galeria] Dozenaka herritar elkartu dira osasun publikoaren alde
Erdiguneko anbulatoriotik abiatu da Behe Bidasoko Osasungintza Publikoaren Aldeko Hiritar Plataformak deitutako manifestazioa. Irungo zentroko kaleak zeharkatu ondotik, San Juan plazan bukatu dute protesta.
Behe Bidasoko Osasungintza Publikoaren Aldeko Hiritar Plataformak osasungintza publiko eta duin baten alde deitutako manifestazioarekin bat egin dute dozenaka irundar gaur eguerdian. Erdialdeko anbulatoriotik abiatu, Kolon pasealekua zeharkatu, eta San Juan plazan eman dute amaitutzat protesta.
Manifestariek ibilbidea isiltasunean egin duten arren, anbulatorioan zein San Juan plazan ozen irakurri dituzte euren eskariak. Zehazki, manifestazioa abiatu aurretik azken bi hilabetean mobilizatzeko arrazoiak argitu dituzte plataformako kideek: «Eusko Jaurlaritzaren politika neoliberalek gure osasun sistema publikoa nahita suntsitzen» ari dela argudiatu dute deitzaileek batetik, eta osasun langileek egindako ahalegina txalotzeko «balkoiak utzi eta kaleak hartzeko unea dela» uste dutelako, bestetik.
San Juan plazan, bestalde, euren aldarrikapenen nondik norakoak argitu dituzte. Hala, artapen zerbitzuetan baliabide gehiago; Barne Produktu Gordinaren (BPG) %7a osasun publikora bideratzea; diru iturrien itxiera eta pribatizazioa galaraztea; eta pribatizazioa gelditzea eta dagoeneko pribatizatu direnak lehengoratzea.
Ondoko bideoan ikus daitezke San Juan plazan egindako aldarrikapenak, eta ondoren, protestak utzitako irudi sorta: