Zer ikasi dugu 2020an?
Esperientziak partekatzearen indarra kontuan izanda, aipatuko al diguzu zein den zuk 2020an ikasi duzun gauza bat?
Galdera horrekin buruan bukatu dut urte zaharra, eta berria lehengo sokari aurrera tiraka hasi dut. Gabonetako sua piztu genuen itxaropentsu eta iturri zaharretik ur berria edan, tradizioa mantenduz. Urte berria aukera eta asmo berriak zerrendatzeko unea izaten da, aurrekotik onena soilik hartuz. Gauzak ongi pentsatu gabe eta besteei adierazi gabe (nire lotsati izaeragatik) hanka-sartzeak egin ditut, ustez onbeharrez, baina ez da hala izan, bai alor pertsonal-sentimentalean eta bai alor profesionalean. Ikasi dut bihotz-kolpe batez jokatu aitzin, burua erabili behar dela, burua lehenestea bihotzaren aurretik alegia. Eta lerro hauen azpian dituzuen Cambridge-ko zortzi puntu horiek ere ikasi ditut, zoriontasun pittin bat jarri dut positibotasuna goian jartzeko, positibo sentitzea baita lehenengo urratsa motibaturik jaikitzeko goizero:
1. Norbere buruari besarkada potolo bat ematea.
2. Ene bizitzaren 10 momentu zoriontsuenen zerrenda idaztea.
3. Hiru gauza on aipatzea.
4. Zenbait ariketa fisiko egitea.
5. Eskerronezko eskutitz bat idaztea.
6. Zorionak sasi guztien gainetik eta hodei guztien azpitik hegan egitea.
7. Atseden erregularrak hartzea.
8. Teknologiarekin adiskidetzea.
Eta batez ere, ez espero dena perfektu joango denik! Izan ere, 2021ean ikasten segituko dut, baina batez ere gozatu eta bizi nahi dut, zoriontsu izan nahi dut, zoriontsu izan dadila ene bihotza, eta gainerakoa etorriko da.
Urte berri honetan, lehenik eta behin, eskertu nahi dut Hitza-k nire iritzia plazaratzeko ematen didan aukera eta pribilegioa, luxu bat baita ene pentsamendu eta sentimenduak argitaratzeko leihotxo hau izatea. Munduak aldrebes segitzen duen honetan, bihotzean dugu giltza eta teklen gaineko hatzen mugimenduetatik hitza ateratzen zait, amatxiren mintzoa bihotzetik ahora, aldaxkatik aldaxkara, sinesten segitu nahi baitut maitasuna dela munduaren bihotza. Eta beraz, Hitza-k ematen didan iritzi-leiho hau bihotzetik jalgitako hitzekin betetzeko asmoa dut, mundu hau hobeago egiteko ametsetan.
Urtats honetan, bestalde, ilusioz amesten dudan bezala, beldur naiz, udaberriak bizipoztu ninduelako behin, beharbada udazkenerako udaberrian sortutako maitasuna indar handiagoz gauzatuko zelako. Ametsek ondoan daramate beldurra, baina aurrera segitzeko kuraia eta kemena ere bai, gauzak hobe izango diren itxaropena. Itxaron bitartean, kanta dezagun, bizi, izan! Ni neroni izan leial bihotzari itxarongo dut zain egon gabe, zainduko dut ene bihotzeko maitea, ene itxaropena. Bitartean,
kanta dezagun, bizi, izan nadin ni neu leial bihotzari.
Hitzak partekatzearen indarra kontuan izanda, 2021ean bidelagun izango nauzue hemen, nahi baduzue.