Bixi Bizi kirol orientazio zerbitzua positiboki baloratu du udalak
2018ko maiatzean abiatu zuten sedentarismoaren aurkako udal zerbitzua. Norberaren beharrak aztertuta, jarduera fisikoa egiteko planak prestatzen ditu orientatzaileak.
Bixi Bizi Hondarribiko Udaleko Kirol Orientazio Zerbitzuaren 2020ko memoria eta balorazioa eskaini dute Jose Luis Silanes Kirol zinegotziak eta Julen Fernandez teknikari eta orientatzaileak gaur goizean egindako agerraldian. Asebete agertu dira bi arduradunak orain arte egindako ibilbidearekin, eta balorazio positiboa egin dute.
2018ko maiatzean zerbitzua martxan jarri zenetik erabiltzaile kopurua hazten joan dela azaldu du Fernandezek. Hasieratik Hondarribiko osasun zentroko erizaintza zerbitzuarekin elkarlanean aritu dela kontatu du. Erizainek jarduera fisikoa beharrezkoa duten pazienteak, bereziki adinekoak, identifikatu eta harengana bideratu dituzte orain arte, Fernandezek horietako bakoitzarentzako ariketa programa zehatza presta zezan. «Osasun egoera baloratu, jarduera fisikorako aukerak eta beharrak aztertu, eta egokitutako plan pertsonala prestatzen dut», esan du orientatzaileak.
Bide orri horiei esker, erabiltzaileek hobera egin dutela fisikoki zein emozionalki erantsi du Silanesek: «Adibidez, medikuarengana egindako bisitak gutxitu dituztela konprobatu dugu».
Pandemia garaia
2018an zerbitzua martxan jarri zenean 82 erabiltzailek jo zuten Fernandezengana orientazio bila, eta 115 lagunetan hazi zen kopurua 2019an. Oso positiboki baloratu dute bi arduradunek erabiltzaileen gorakada, nahiz eta onartu duten, 2020an, pandemiarekin batera, lan egiteko era zeharo aldatu behar izan zutela. Zerbitzua «oso ongi egokitu dela» iritzi dio, halere, Silanesek
Hori horrela, anbulatorioak jarritako filtroaz gain, ikastetxeekin ere bigarren bide bat irekitzea lortu dutela esplikatu du teknikariak. Halere, zerbitzu irekia dela eta herritarrek harekin harremanetan jar daitezkeela zuzenean argitu du. Horretarako interesa duten lagunek ondoko posta elektronikora edo 688 75 20 94 telefono zenbakira jo dezaketela bukatu du.