6.000 irundar baino gehiagok erosi dute Irun Aurrera bonuekin
Urritik 12.771 bonu erabili dituzte herritarrek, hau da, banatutakoen %85a. Udalaren arabera, bigarren edizio honen balantzea «oso positiboa da berriro».
Joan den urrian hiriko merkataritzari eta ostalaritzari laguntzeko udalak Irun Aurrera bonuak atera zituenetik, 6.000 irundar baino gehiagok erabili dituzte erosketak egiteko. Guztira, 10 euroko 15.000 bonu banatu zituzten iaz.
Junkal Eizagirre ordezkariaren arabera, bigarren edizio honen balantzea «oso positiboa da berriro». «Irun Aurrera bonuen lehen edizioarekin udan gertatu zen bezala, gure merkataritza eta ostalaritza babesteko unea da, eta irundarrok, oro har, horrela ulertu dugu. Horren erakusgarri da bonu horien aldeko erantzuna, bi edizioetan agortzetik oso gertu egon baitira. Bonu horiek alde batera utzita, gure merkataritzaren alde egiten jarraitu behar dugu, are gehiago une honetan, eta erosketetan hiriko dendak aukeratu behar ditugu», esan du Eizagirrek.
Orotara, 169 establezimenduk egin zuten bat egitasmoarekin, horietatik 146 dendak dira eta 24 ostalaritzako lokalak. Eta datuei erreparatuta, 12.771 bonu erabili dituzte herritarrek, hau da, banatutakoen %85a. «Kopuru horrek lehen kanpainako datua gainditzen du, 11.347 erabili baitziren», erantsi du ordezkariak.
10.000 sarrera webgunean
Lehenengo edizioko bonuekin batera, Hirigintza saileko geolokalizazio zerbitzuak web aplikazio bat jarri zuen martxan, egitasmoan izena eman zuten saltokiak kontsultatu ahal izateko. Bada, 2020ko azaroa eta abenduan ia 10.000 sarrera zenbatu dituzte webgune horretan, 9.389 hain zuzen ere.