Larunbateko manifestazioan parte hartzera deitu du Sortuk
Osasun sistema publikoaren alde hiritar sareak antolatutako mobilizazioarekin bat egin dute. 12:00etan abiatuko dira, erdiguneko anbulatoriotik.
Irungo Sortuk ere bat egin du Osakidetzako langileek aste honetarako deitutako grebarekin, eta bide batez, larunbatean Irungo hiritar sareak antolatutako manifestazioan parte hartzera animatu ditu bidasoarrak. 12:00etan abiatuko dira, erdiguneko anbulatoriotik.
«Aste honetan Osakidetzako langileek greba egingo dute pandemiari eta txertaketa prozesuari aurre egin ahal izateko baliabide falta salatzeko. Agintariak birusari aurrea hartu ahal izateko inbertsio publikoak egin beharrean, norbanakoen gain uzten ari dira ardura osoa», esan dute Sortutik. Horren aurrean, honako aldarrikapenak egin dituzte: birusari aurrea hartzeko arakatze sistema indartzea, hau da, arakatzaile gehiago kontratatzea; lehen arreta zerbitzua indartzea kontratazioen bidez ratioak jaitsiz; txertaketa prozesua azkartzeko inbertsio gehiago egitea eta informazioaren eta datuen kudeaketa gardena egitea.