Harrera Sareak 2.000tik gora lagun artatu ditu 2020an
Joan den urte ezohikoaren gaineko balorazioa egin dute Irungo Harrera Sareko boluntarioek. Bataz beste, 8-10 lagun heldu ziren egunero.
Irungo Harrera Sareak 2020aren gaineko balorazioa egin berri du. Datuei erreparatuta, Irundik igarotako 2.000 lagun baino gehiago artatu dituzte boluntarioek azken urte ezohikoan. Izan ere, pandemia dela eta, migrazioaren jaitsiera nabaritu dutela esan dute lehenik sarekoek, eta haien lana ere baldintzatuta egon dela urte osoan zehar.
Bataz beste, 8-10 lagun heldu dira hirira egunero, horietatik %8a emakumeak eta %6a adin txikikoak. Jatorriari erreparatuta, gehienak Ginea Konakry, Mali, Boli Kosta eta Senegaldik etorri dira.
Sareko lan taldeen lanari dagokionez, harrera taldeak 1.500 lagun artatu ditu, gau txoriek 1.150 eta arropa taldeak aldiz, 200 migratzaile.
Migranteen profila ere askotarikoa izan dela ondorioztatu dute boluntarioek. Bereziki dublinatuak (Europara sartzeko zapaldu duten lehen herrian soilik ematen diete asiloa, beraz, beste batera joan ezkero berriro hasierara bidaltzen dituzte), paperak eduki baina lana galdu eta egoera irregularrean daudenak eta asiloa ezeztatu dietenak heldu dira 2020an zehar. «Pertsona hauei guztiei ez zaie aterpean sartzeko aukera ematen eta beraz, kalean geratzen direnak daude maiz, nahiz eta aterpetxean tokia egon, diru publikoa xahutu eta migranteen zaurgarritasun egoera areagotuz».
Aterpeak eta bertako arauak kudeatzen dituzten erakundeei egoera hori konpontzeko eskatu die sareak, «dauden baliabideak pertsona zaurgarrien beharretara ahal den hoberen moldatzeko». Horretan sarea erakundeekin elkarlanean aritzeko prestutasuna adierazi du.
Bestalde, Frantziak eta Espainiak mugen kontrola areagotu dutenetik «migrazio baldintzak okerragotu» direla esan dute amorruz, eta ondorioz, «trafikanteek hori profitatzen» dutela.