Irungo ostalaritza, bihartik itxita
Asteburuan okerrera egin du Irungo 100.000 biztanleko tasak, beraz, ostalaritzako establezimenduek ateak itxi beharko dituzte bihar (asteartea).
Ostegunean, COVID-19aren eremu gorrian sartu zen Irun, hau da, 100.000 biztanleko tasa 500dik gorakoa du. Asteburuko datuek joera hori berretsi egin dute, tasa ia 600era iritsiz. Hortaz, Jaurlaritzak gaur erabaki du bihartik (asteartea), hiriko jatetxeek nahiz tabernek ateak itxi beharko dituztela. Eramateko jakiak zerbitza ditzakete, baina herritarrak ezingo dira establezimenduetara sartu. Apustu eta joko etxeek ere ateak itxi behar dituzte.
Horrez gain, eremu gorrian egoteak, beste hainbat murrizketa dakartza. Hemen horien laburpena, galdera-erantzun bidez.
- Badago salbuespenik udalerritik irteteko edo sartzeko?
Hainbat salbuespen aurreikusi dira, betiere behar bezala justifikatuta badaude. Horien artean, honakoak: osasun zentroetara joatea, lan edo hezkuntza betebeharrak betetzea, ohiko bizilekura itzultzea, menpekotasun egoeran daudenei laguntza ematea, dokumentazioa berritzea… Betiere, behar bezala egiaztatuta. Dagokion jarduketaren frogagiria eramateko gomendioa egin dute. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalerri guztietan ezarria du Jaularitzak sartu-irtenen debekua.
- Joan al naiteke beste udalerri bateko tabernara?
Ez. Mugatu egiten da pertsonen sarrera eta irteera udalerriaren mugetatik.
- Ostalaritzako zein establezimenduk ireki ditzakete ateak?
Jendearentzat berriz irekitzeko, beharrezkoa izango da COVID-19ak eragindako kasu positiboen tasa 500 baino gutxiagokoa izatea. Kasu honetan, ezin izango dute bezeroaren arretarekin aurrez aurre ireki, baina eskaerak prestatu ahal izango dira lokalean jasotzeko, betiere aldez aurretik hitzordua eskatuta, 21:00ak arte edo etxera eramateko 22:00ak arte.
- Zein neurri berri hartu beharko dira kirolean?
Bertan behera geratzen da taldeko kirol jarduera oro, bai entrenamenduan, bai lehiaketan.
Salbuetsita daude, eta, beraz, egin ahal izango dira, lehiaketa profesionalean edo erdi profesionalean murgilduta dauden taldeen entrenamenduak eta kirol lehiaketak, gimnasioetan, kirol klubetan edo kiroldegietan programatutako ikastaroak edo jarduerak, eta jarduera fisikoa eta kirol jarduera, aire zabalean eta gehienez sei laguneko taldeetan.
- Gipuzkoako beste udalerri batera joan zaitezke jarduera fisikoa aire zabalean egiteko?
Ez, ezin da hori egin.