Hainbat udal eraikinetan desfibriladoreak jarriko ditu tokiko gobernuak
Hasiera batean bederatzi dira udalak bereganatutako desfibriladoreak. Udal langileek horiek erabiltzen ikasteko formazioa jasoko dute.
Hondarribiko Udalak eskuratutako desfibriladoreen berri eman dute gaur goizean Juan Mari Altuna Hiri Segurtasun zinegotziak, Patxi Aristizabal udaltzainburuak, Javier Vitoria Previtek enpresako zuzendariak, eta Ibon Zabala Bexen Medical enpresako ordezkariak Udaltzaingoaren egoitzan eskainitako prentsaurrekoan.
Bederatzi ziren hasiera batean udalak bereganatu behar zituen desfibriladoreak, Altunak komunikabideen aurrean azaldu duenez, nahiz eta azkenean, ziurrenik hamaika izango diren. Horiek, besteak beste, ondoko udal instalazioetan banatuko dira: udaletxea, Itsas Etxea, Jostaldi pilotalekua, euskaltegia, Musika Eskola, Zuloaga Etxea liburutegian, Kasino Zaharrean, Arma Plazan eta bi Udaltzaingoan –Hondartza kiroldegian bazegoen bat aurretik–. Udal langileek desfibriladoreak erabiltzen ikasteko formazioa jasoko dutela ere zehaztu du arduradunak.
Udaltzaingoak abenduan jaso zuela aipatutako formazioa erantsi du Aristizabal udaltzainburuak. Hortaz, Udaltzaingoak jaso dituen bi desfibriladoreetatik bat Errebellin kaleko egoitzan egongo dela jakinarazi du, eta bestea, autoan. «edonora eraman ahal izateko». Izan ere, halako egoerak ematen direnean Udaltzaingoa izaten dela lekura iristen lehena adierazi du, eta «beraz, anbulantzia iritsi arte irabazi dezakegun denbora beti izango da oso garrantzitsua desfibriladorea erabiltzen hasita».
Aurrera urratsa
Lan arriskuen aholkularitzara bideratutako Previtek enpresako arduradunetako bat da Vitoria. Udalak emandako aurrerapausoa txalotu du, pertsonen edukiera mugak zehaztutako legetatik kanpo baitago Hondarribia, eta beraz, «oso positibotzat» jo du erakundearen jarrera. Horrez gain, desfibriladoreak erabiltzen ikasteko formazioa ere nabarmendu du, lehen sorospena ematen laguntzeko zein bihotz-biriketako bizkortzea (BBB) egoki egiteko.
Azkenik, Zabalak kontatu duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) zein Espainiako Estatuko desfibriladore enpresa bakarra da Mondragon Kooperatibako Bexen Medical. Haren arabera, 112 telefono zenbakira deitu eta anbulantzia iritsi bitartean erabili beharrekoa da desfibriladorea. Hortaz, BBB egiteko tresna aplikatu eta pantailak zehaztuko dio erabiltzaileari zein izango den hurrengo pausoa. SOS Deiak-eko langileek ere sostengua ematen dutela desfibriladorea erabili bitartean erantsi du ordezkariak. Bukaeran nabarmendu duenez, haiek egindako desfibriladoreak «edozeinek erabil dezake, ez soilik osasun arloko langileek». Hala eta guztiz ere, lau arduradunek argi utzi nahi izan dute: «Erabili behar ez izatea, izango da onena».