Hondarribiko COVID-19 tasa 400dik gorakoa da
Irunen 88 positibo atzeman dituzte ostiraletik atzora arte, eta Hondarribian 23. Irungo tasa 600dik hurbil dago, eta Hondarribikoak 400eko zifra pasa du.
COVID-19aren eraginaren 100.000 biztanleko tasak gorantz darrai Irunen eta Hondarribian. Azken herri honetan tasa horrek 400eko langa gainditu du jada, eta Irunen ia 600ean jarri da.
Tasa horiengatik, Irun eremu gorrian dago ostegunetik: bihartik (asteartea) besteak beste, ostalaritza itxiko dute, talde kirolean murrizketak izango dira, eta herritarrak ezingo dira arrazoi justifikaturik gabe handik atera. Hondarribia, Jaurlaritzaren azken aginduei jarraituz, itxita dago gaurtik.
Izan ere, kutsatu asko izan dira asteburuan Bidasoan. Irunen, ostiralean 37 atzeman zituzten, 23 larunbatean eta beste 28 atzo. Hondarribian, berriz, sei ostiralean, zortzi larunbatean eta bederatzi atzo.
Datu horiekin, honakoak dira bi herrietako 100.000 biztanleko tasak:
- Irun: 599,59 (ostegunean 524,85).
- Hondarribia: 412,15 (ostegunean 382,71).
- Gipuzkoa: 475,53 (ostegunean 441,25).
Osasun Sailak asteburuko datu guztiekin txostena egin du. Hori hemen klik eginda eskura daiteke (PDF artxiboa da).