Mugikortasun muga berriak gogoratu ditu Txomin Sagarzazuk azken bandoan
Larunbatean plazaratu zuen alkateak izurriarekin lotutako azken bandoa; Eusko Jaurlaritzak onartutako neurri murriztaile berriak gogoratu ditu idatzian.
Txomin Sagarzazu alkateak urtarrilaren 22ko Lehendakariaren 4/2021 Dekretuaren bitartez Eusko Jaurlaritzak indarrean jarritako azken neurri murriztaileen inguruko bandoa plazaratu zuen larunbatean, hilaren 23an. Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz, egungo egoeraren errepasoa egin du bertan alkateak, baita, herritarrei zenbait arau gogoratu ere.
Gaur gauerditik indarrean sartutako neurrien arabera, udalerrien zein erkidegoen arteko mugikortasuna mugatu egiten dela argi utzi du alkateak, “salbuespen jakin batzuk alde batera utzita”. Halaber, taldeak lau pertsonera mugatuta geratu direla ere nabarmendu du agintariak, “salbu eta bizikideak badira”. Kirol jarduerak egiterakoan musukoaren erabilera “derrigorrezkoa” ezarri dela ere azpimarratu du: “Kasu jakin batzuetan izan ezik”.
Egoera orokorra “kezkagarria” dela erantsi du Sagarzazuk, nahiz eta onartu duenez, pandemiak ez du Hondarribia beste leku batzuk bezain “bortitz” eraso. Herritarrek egindako ahalegina eskertu du, era berean, hautetsiak, baina neurriak “zorroztazunez” betetzen jarraitzera deitu ditu hondarribiarrak.
Bertan irakur daiteke bandoa osotasunean.