Irungo kirolari eta klub onenaren sariak banatuko dituzte, ezohiko moduan
Pandemiak baldintzatutako sari banaketa izango da otsailaren 3koa, ateak itxita egingo dute. Gizonezko eta emakumezko kirolari eta klub onena izendatuko dituzte.
Udaleko Kirol saileko ordezkari Borja Olazabalek jakinarazi berri duenez, datorren otsailaren 3an (asteazkena da) banatuko dituzte Irungo kirolari eta klubik onenaren sariak. Halere, pandemiak baldintzatutako ekitaldia izango dela aurreratu du Olazabalek. Ateak itxita egingo dute ekitaldia, 18:00etatik aurrera, beraz, herritarrak ezingo dira bertaratu.
«2020. urtea oso urte zaila izan da, baita gure kirolarientzat eta taldeentzat ere. Lehiaketa horiek bertan behera utzi edo atzeratu egin dira, eta ezohiko denboraldia izan da, aurre egiteko zaila. Horregatik, sari banaketa hau egin nahi dugu, gure hiriko kirol komunitate osoari aintzatespena, babesa eta animoa emateko. Normaltasuna laster berreskuratuko ahal dugu, eta gure kirolarien arrakastekin berriro gozatu ahal izan dezagun, Olinpiar Jokoetan, adibidez», esan du ordezkariak.
Otsaileko ekitaldian gizonezko eta emakumezkoen kirolari onenaren eta klub onenaren sariak banatuko dituzte. Eta iaz bezala, laugarren sari bat ere egongo da aurten, Irundarron Saria izenekoa, bozketa herrikoi batetik aterako dutena. Hilaren 22tik 29ra bitarte hiru proposamen egin ditzakete irundarrek.
Ondorengo kirolari eta kluben artean bozkatu beharko dute herritarrek, esteka honetan: Klara Olazabal (maila goreneko nazioarteko txapelketetan parte hartzeagatik), Teresa Errandonea (urrezko domina lortzeagatik pista estaliko Espainiako Txapelketan, Euskadiko errekorra eta Espainiako hirugarren marka onena egiteagatik 60 metro hesidunetan), Julen Aginagalde (Europako selekzio eskubaloiko txapelduna izateagatik), Leka Enea Mahai Tenisa (gizonezkoen Txapeldunen Ligako parte hartzeagatik, Endika Perez Espainiako txapelduna izateagatik), Iñigo Camarero (hainbat arlotako dedikazioa emateagatik hiriko errugbiaren sustapenean), Bidasoa XXI, emakumezkoen waterpoloa (Kopako eta ligako txapelduna igotzeagatik, eta lehen nazionalera igotzeko play off-agatik), Halterofilia Argitrans (4 domina lortzeagatik Espainiako txapelketan eta Bidasoa XXI, igeriketa (gizonezkoen taldea maila gorenera igotzeagatik, non emakumezkoen taldearekin bat egingo duen).