«Irungo gazteok ez dugu absoluzioa ez den beste epairik onartuko»
Hamarka lagunek erantzun zioten atzo Bidasoko Ernairen deiari. Madrilen epaitzen ari diren Galder Barbado eta Aitor Zelaiari babesa adierazi zieten.
Hamarka lagun bildu ziren atzo arratsaldean Irungo San Juan plazan, atzo eta gaur bitartean epaitzen ari diren Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazteei elkartasuna adierazteko. Euskal gazteria aurrera, ez gaituzue geldituko lelopean bildu ziren, Bidasoko Ernai gazte mugimenduak deituta.
«Irungo gazteok ez dugu absoluzioa ez den beste epairik onartuko. Espainiar estatuak berriro ere, bere makinaria errepresibo guztia martxan jarri du, bere izaera inposatzaile eta autoritarioa erakutsiz. Justizia deitzen dioten legedi faxistaren bidez epaituko dituzte Aitor eta Galder; herri honen askatasun grina zapuzteko sortu zuten salbuespen legediaz eta espainiar proiektu atzerakoiaren interesen arabera agintzen duen Audientzia Nazionalean. Gazteok ez dugu onartzen injustizian oinarritutako epaiketa hau, gazteria zigortzea eta beldurtzea baitu helburu», esan dute Ernaiko kideek.
Fiskaltzak zortzi urteko espetxe zigorra eta zazpi urteko zaintzapeko askatasuna eskatu du bakoitzarentzat. 2019ko otsailean atxilotu zuen Ertzaintzak bikote gaztea, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, «armak, munizioak eta lehergailuak edukitzea, eta horiek helburu terroristarekin gordetzea eta trafikatzea» leporatuta. Gaur amaituko dute epaiketa, Madrilen.