Hildako bat eta zazpi positibo berri Irungo adinekoen zentroetan
Inmaculada eta Gurutze Gorriaren adinekoen zentroetan 18 positibo aktibo daude. Erresidentzietan kutsatu gehien dituen Gipuzkoako bigarren hiria da Irun, Aretxabaletaren atzetik.

Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo emandako datuen arabera, azken orduetan Irungo Inmaculada adinekoen zentroko egoiliar bat hil da COVID-19arekin. Horrez gain, zentroan bertan beste hiru positibo hauteman dituzte; azken hauekin, lau dira egun gaitza dutenak Inmaculadan.
Baina Gurutze Gorriaren adinekoen zentroa ari da egoera zailena pairatzen azken egunotan. Bertan ere kasu berri ugari atzeman dituzte; lau positibo gehiago zenbatu zituzten atzo, eta azken hauekin, hamalau dira koronabirusa duten egoiliarrak.
Guztira, hemezortzi positibo aktibo daude Inmaculada eta Gurutze Gorriaren adinekoen zentroetan. Erresidentzietan positibo gehien dituen Gipuzkoako bigarren hiria da Irun, Aretxabaletaren atzetik.