Jauzien Gipuzkoako Txapelketa hartuko du Jaizubia Hipikak
Joan den urtean jokatzekoa zen txapelketa egingo dute otsailaren 6 eta 7an.
Jaizubia hipika izango da 2020ko Jauzien Gipuzkoako Txapelketaren agertoki nagusia, Irungo klubak antolatu baitu joan den urtean jokatzekoa zen txapelketa. Pandemiak data aldatzera behartu ditu, eta hala, otsailaren 6 eta 7 bitartean jokatuko dute.
100 zaldizko inguruk hartuko dute parte otsaileko lehian, Gipuzkoa zein Nafarroakoak. «Probak zorrotzak eta ikusgarriak izango dira, eta gure hirian kalitatezko zaldizkoak eta zaldiak izango ditugu», esan du Jaizubiako kirol zuzendari Xabier Berrotaranek.
Probak Jaizubiako pista nagusian egingo dituzte, 2018an Gipuzkoako Jauzi Txapelketarekin eta Irungo Hiriaren XXI. Sari Nagusia Nagore Otaño Omenaldiarekin estreinatu zuten hura. 85 x 70 metroko eta 6.000 metro karratuko neurria du pistak, Euskal Autonomi Erkidegoko handiena da.
Lehia 8:30 eta 9:00ak bitartean hasiko dituzte, eta altuera ezberdineko jauziak izango dira: 0,50 metrotik 1,30 metrorainokoak.
Neurri zorrotzak
Egungo osasun egoera dela eta, neurri zorrotzak hartuko dituztela aurreratu du klubak. Sartzeko bi ate egongo dira tenperatura kontrolatzeko; bertaratutakoek NANarekin identifikatu beharko dute eta harremanetarako telefono bat eman; barrura sartzen direnei kolore bateko eskumuturrekoa emango diete larunbaterako eta beste kolore batekoa iganderako; zaldientzako dutxen eremurako sarbidea mugatua izango da eta esparru osoan akreditatutako langileak egongo dira, neurriak betetzen direla bermatzeko.